GARA > Idatzia > Mundua

Gutxiengo etnikoetako milioika lagun Myanmarreko bozetatik at utzi dituzte

Segurtasun arazoak aitzakia hartuta, Myanmarreko Junta Militarrak herrialdearen ekialdeko hainbat estatutako 300 bat herrixkari azaroko legegintzarako hauteskundeetan parte hartzea galarazi die. Erabaki horrek prozesuaren inguruko zalantzak areagotu egin ditu.

GARA

Datorren azaroan egitekoak dira Myanmarreko legegintzarako hauteskundeak eta, nazioartean haien zilegitasunaren inguruko zalantzak gutxi bailiran, gutxiengo etnikoetako milioika kideri bozkatzeko eskubidea ukatuko dietela iragartzeak, adituen ustez, hauteskunde prozesua kontrolpean ez dagoela erakusten du, ez lurralde osoan behintzat.

Ostegun gauean telebista publikoak adierazi zuenez, herrialdearen ekialdeko Kachin, Kayah, Karen, Mon eta Shan estatuetako 300 bat herrixka ez daude bozkatzera deituta, bertan ez omen dagoelako «hauteskunde libre eta justuak» egiteko baldintzarik.

Agiri ofizialak ez zuen espresuki aipatu segurtasunaren arazoa, baina Shan estatua, adibidez, guztiz kontrolpean dute Wa gerrillako kideek.

Estatuko agintari baten arabera, bi milioi lagun inguruk -estatuko biztanleriaren %30- ezin izango du bozaldietan parte hartu. «Segurtasun arazoa da hau. Ezinezkoa da Wa-koak dauden eremuetan hauteskundeak antolatzea», aipatu zuen.

Myanmarren agintzen duen Junta Militarra, 1948an herrialdeak independentzia lortu zuenean gutxiengoen artean piztu ziren lurralde borroken eta aldarrikapen politikoen aurrean, herrialdean «oreka» bermatzeko eginahaletan ari da.

Akordioak

Bide horretan, Junta Militarrak eta errebelde taldeek zenbait su-eten adostu izan dituzte azken urteotan. Besteak beste, Myanmarreko mugetako -zenbait eremutan, bederen- segurtasuna matxinatuek beren gain hartu dute eta euren jardueretan aritzeko nolabaiteko askatasuna ere lortu dute, tartean droga trafikoa ere baden arren.

Wa taldeaz gain, beste zenbait erakundek erabiltzen dute borroka armatua, besteak beste, Kachinen Independentziarako Erakundea (KIO), Shan estatuko Armada (SSA-S) edota Kareneko Nazio Batasuna (KNU).

Hala eta guztiz ere, gutxiengo diren etnia horietako kideak hauteskunde prozesutik kanpo utzi izana ez da ustekabekoa. Izan ere, herrialde askok iruzurtzat jo baitituzte bozaldiok, zilegitasun demokratikorik eza egotzita. Horretan, Aung San Suu Kyi etxean atxilotuta dagoen oposizioko kide ezezagunaren alderdiari parte hartzea eragotzi izanak ere zerikusi handia izan du.

«Parlamentuak imajina genezakeena baino neurri txikiagoan ordezkatuko dute herria», salatu du Trevor Wilsonek, Myanmarreko enbaxadore australiar ohiak.

ISTILUAK

Bi milioi lagun ingururi hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea ukatu dietela-eta sor litezkeen istiluei aurre egiteko, Armadak tropa gehiago bidali ditu Shan eta Kachin estatuetara, bertako etnietako ordezkariek adierazi dutenez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo