GARA > Idatzia > Euskal Herria

Artisau feria eta azoka biologikoa, Aretxabaletako sanmigeletan

Asteburu honetan aretxabaletarrek jai giro ezin hobea izango dute herrian, San Migel jaiak gaur bertan hasiko baitira. Laburrak izango dira, baina adin tarte guztientzako ekitaldiak antolatu dituzte, denak gustura uzteko moduko egitarauaren barruan. Bihar baratzeko produktuak zein eskuz egindakoak erosteko aukera izango dute artisautza ferian eta azoka ekologikoan. Igandean, berriz, kirolak izango dira nagusi arratsalde osoan.

p015_f02.jpg

Nagore BELASTEGI

Irailean ospatzen dira euskal kultura ardatz duten azoka eta festa gehienak, udari amaiera polita emateko. Zarauzko Euskal Jaiak, Legazpiko Artzain Eguna, Mungiako Artzain Txakur Txapelketa, Ordiziako Gazta Txapelketa eta Oiartzungo Kizki Egunaren ostean, oraingoan Aretxa- baletako artisau feria eta nekazaritza ekologikoaren azokaren txanda iritsi da.

Bihar izango da baratzeko produktu biologikoak ikusteko eta erosteko aukera, San Migel jaien egitarauaren barnean ospatzen baita. Azoka Dunara kalean jarriko dute 9.00etatik 14.30era. Aurtengoa azoka ekologikoa ospatzen duten hamaseigarren urtea da eta, ohi bezala, bertan taloa, sagardoa eta beste hainbat produktu dastatzeko aukera izango da.

Egun kalitatezko produktuak lortzea zaila denez, jendeak ondo aprobetxatzen ditu aukera hauek eskuz egindako objektuak eta baratzetik zuzenean jasotako barazkiak etxera eramateko. Hori bihar izango da, baina San Migel jaien egitaraua gaur arratsaldean hasiko da herria girotzen. 18.00etan erretiratuei eskainitako luntxa eta dantzaldia izango da Basotxon, eta ordu berean Malas Compañias antzerki taldeak Oilaskoetxea kale animazioa eskainiko du herriko plazan. Aktoreek oilasko erretegi mugikorra martxan jartzen duen familia baten istorioa kontatuko dute. Ikuskizunak klowna du oinarri eta eguneroko objektuekin malabareak eginez jolasak egingo dituzte. Helduei zuzenduta dago eta doakoa izango da.

19.00etan, Leizarra musika eskolako trikitilariak buruhandiekin aterako dira eta, gauean, 22.30ean, herriko musika taldeek kontzertua eskainiko dute Arlutzeko kantxan. Scam, Crisis, Nealta Fola eta Matxinbrada taldeek jarriko dute musika gaur gauean.

Bihar, artisautza feria eta azoka ekologikoa izateaz gain, trikitilariek, joaldunek eta txalapartariek alaituko dute herria. 14.30ean herri bazkaria izango da herriko plazan, azokari amaiera emateko. 19.00etan, larrain dantza egingo dute Durana kalean eta, ordu erdi geroago, Sebastian Lizaso, Igor Elortza, Jon Maia, Iratxe Ibarra eta Estitxu Arozena bertsolariek emanaldia eskainiko dute herriko plazan.

22.30ean, Dantzari musika taldea arituko da plazan, bolatokian bolo txapelketa ospatu bitartean. Lehenengo saria eskuratzen duenak 100 euro, garaikurra eta txapela eramango ditu etxera.

Igandea izango da San Migel festen azken eguna, baina goizetik iluntzera arte ekitaldiz beteta izango da. Dianaren ostean, 13.00etan herri kirolak hasiko dira herriko plazan. Lehenik, aizkolariak, Iparraldeko jokoak (lasto jasotzea, ingude jasotzea eta lasto jaurtiketa) eta harri-jasotzaileak izango dira. Bigarrenik, bi hirukote norgehiagokan arituko dira aizkoran, harria jasotzen eta korrika. Hirugarren zatian, berriz, motozerrarekin egurrean irudi bat egin beharko dute parte hartzaileek.

16.00etan, XVIII. San Migel Mus Txapelketa hasiko da herriko plazan. Izena ematea 20 euroren truke egin ahal izango du nahi duenak 15.15etik 15.45era. Lehenengo sailkatuei garaikurra, txapela eta dirua emango diete. Ordu berean hasiko da III. San Migel Sub 16 Xake Txapelketa ere. Azkenik, 19.00etan, Aretxabaletako abesbatzak Mikel Deunaren kontzertua eskainiko du herriko plazan.

Adi alkoholarekin

Larunbat gauean gauerditik goizaldeko hirurak arte, nahi duenak alkoholemia kontrola egin ahal izango du. Horrela, edan duenak autoa hartu baino lehen alkoholaren eragina pasatu zaion jakin ahal izango du.

Abesbatza

Igandean, herriko abesbatzak P. Jose Arrue konpositore aretxabaletarraren omenez kontzertua eskainiko du. Xabier Lete, Mikel Laboa, Juan Carlos Perez eta Benito Lertxundiren kantuak abestuko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo