GARA > Idatzia > Kultura

ZINEMALDIA

«Zuri-beltzean behar zuen halabeharrez»

p037_f02_91x64.jpg

Federico Veiroj

«La vida útil» filmaren zuzendaria

Federico Veiroj (Montevideo, 1976) Donostian dago egunotan Zabaltegi-Zuzendari Berriak Sailean aurkeztu baitu «La vida útil», bere azken film luzea. Honakoa ez da, ordea, Zinemaldian parte hartzen duen lehen aldia, 2008an «Acne» estreinatu baitzuen Horizontes Latinos atalean.

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Jorgek berrogeita bost urte ditu, baina gurasoekin bizi da oraindik. Azken 25 urteak zinemateka berean eman ditu lanean, lan teknikoak egiten nahiz programatzen. Horrez gain, zinemari buruzko irratsaio bat ere gidatzen du. Lantegiaren egoera ekonomikoa gero eta larriagoa da, eta beste ezer egiten ez dakien Jorge lanik gabe geldituko da. Egoera berrira egokitzeko bere izaera aldatu beharko du, baina baliteke, hain zuzen, zinemari esker bizirautea.

Zuri-beltzean egin duzu filma. Zergatik egin duzu? Edo zergatik ez, ezta?

Istorioa kontatzeko aldez aurretik nire buruari galdegiten diot zer ikusi nahiko nukeen pantailan, beste ezer baino ikusle sentitzen naizelako. «La vida util» filmatzeko argi izan nuen 50eko hamarkadara arte erabili zen egitura karratukoa eta zuri-beltzekoa behar zuela. Pertsonaiaren ezaugarriek ere hala eskatzen zutelako. Ez da bat- batean hartutako arrazoia izan, emozio zehatz bati egokitutako estetika baizik.

Jorgek zinematekan lana galtzen duenean, hondoa jo beharrean, mundu berri bat deskubritzen duela dirudi. Pozik begiratzen dio etorkizunari.

Horrelako egoera baten aurrean pertsonaiak nola erantzungo zuen pentsatu genuen, izan ere, ez da erraza 25 urtez zeregin berean aritu ostean horretan gehiago jardungo ez duela onartzea. Jorgeren irtenbidea barruan gordeta duen zinema azalera ateratzea izango da, eta zinema izango da hain zuzen salbatuko duena, On Kixote moduko bat da: bere film propioa bizitzera jauzi egingo du, bera protagonista izanik.

Zinemateka behin betiko utzi ostean, protagonistak ematen duen paseoa tramaren gakoetako bat da.

Ibilbide horretan Jorgek bizitza berriari aurre egiteko gaitasunak bereganatuko ditu, beraz, bere burua mutazio horretara bultzatu beharko du halabeharrez, beti ere zineman oinarrituta, hori baita egiten dakien gauza bakarra.

Paola, Jorge eta Martinez dira protagonistak. Ez da aparteko ezaugarri bat, ez bada haien egiazko izenak direla...

Hala egitea zen naturalena, batez ere Jorgeren kasuan. Ez nuen izen faltsurik asmatu nahi, agian ez zuelako pertsonaia bere egingo. Beste biekin antzeko zerbait gertatu zitzaidan, gidoiarekin bat egiten zutela sentitu nuen.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo