GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

GIRO BIKAINA • Egitarau oparoa

Eskalada Topaketen deia Turtziozetik

p050_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Turtziozeko eskalada eskola prestatu zutenak, txalotzeko moduko lan eskerga egiteaz gain, beste jarduera batzuk antolatzeko prest izan dira hasiera-hasieratik, betiere eskaladari lotuta. Bideak zabaldu, ekipatu eta beraiei buruzko informazio eta gidak kaleratzeaz gain, duela zenbait urte Eskalada Topaketak atontzeko grina sortu zitzaien. Gogotsu hasi ziren, eta eginiko lanak eskalatzaile askoren esker ona jaso du.

Arrakastatsuak izan dira orain arte eginiko bost deiak, eta seigarrena, ate joka ari dena, antzekoa eta hobeagoa espero dute. Kapi antolatzaileetako bat da, eta, GARAri adierazi dioenez, den-dena prest dute: «Ohi den legez, hiru eguneko egitarau oparoa antolatu dugu. Aurreko edizioetako bide bera eraman nahi dugu; hots, eskalada eta festa uztartu nahi ditugu. Eskalatzaile mordoa espero dugu, eta hori harremanak sendotzeko oso aproposa da».

Aukera zabala

Urriaren 15, 16 eta 17an egingo dira aurtengo topaketak. Eta lehenbiziko egunerako gonbidatu berezia izango dute: Oriol Baro. Estatu espainiarreko egungo alpinista indartsuenetarikoa da katalana, eta «De Nepal a Patagonia» izeneko ikus-entzunezkoa eskainiko du El Tilo tabernan.

Biharamunean, VI. Eskalada Txapelketa izango dute Bizkaiko eskalada gunera bertaratzen direnek. Kamisetak, krokisak, ura... banatuko dizkiete antolatzaileek hurbiltzen diren guzti-guztiei, eta goizeko hamarretatik arratsaldeko zazpiak arte izango dute eskalatzeko denbora. Kapik honakoa aurreratu nahi izan digu: «Sektoreetara ezingo da autoz igo. Hori dela eta, antolatzaileok furgonetak jarriko ditugu eskalatzaile guztiontzako».

«Txapelketa» herrikoiaren ondoren, II. Garagardo Kutxen Eskalada Txapelketa jokatuko da; iaz, 30 eskalatu zituen irabazleak. Eta, ondoren, afaria. Izena emateko epea urriaren 2an amaitzen da.

Turtziozko eskalada topaketen azken egunean, 17an, eskalatzeko deia egiteaz gain, slackline ikastaroa antolatu dute. Informazio gehiago nahi izanez gero, www.turtziozeskalada.blogspot.com helbidera jo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo