GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

Surfa eta skatea, eskutik egindako ibilbidea

Skatearen hastapenetan surfa dagoela aipatu behar bada ere, bi diziplinek eskutik eta elkar elikatuz egin dute aurrera.

p054_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Skatearen hastapenetan surfa aipatu behar da, zalantzarik gabe. Denborarekin diziplina bakoitzak bere bidea egin du, baina bien arteko loturak ez du inoiz etenik izan. Garai batean surf egiten zen modu berean egiten zen skatea. Egun, berriz, skateko ariketak egiten dira surfean; mota askotako aereoak bereiz daitezke. Bilakaera hau urtetako ibilbide baten emaitza baino ez da.

«I surf because every pamp's a little diferent», dio Taj Burrow surflari australiarrak. Barrow puntako postuetan izan da azken urteotan mundu mailako txapelketetan, baina, batez ere, airean burutzen dituen ariketengatik da ezaguna. Oso ongi lotzen ditu aireko ariketak, baita olatuaren magalean ertzak itsatsiz egin beharrekoak ere. Olatu bakoitza desberdina da; beraz, malda desberdina da. Dirudienez hori egiten zaio erakargarri Burrowri; behin eta berriz malda berean saiakerak egiteko aukerarik ez izatea, alegia.

Skate pista anitz aurki daitezke, mota guztietakoak, baina geldirik daude denak; ez dira olatu baten gisan etengabe aldatzen. Pista batean, gustuko malda bat aukeratu eta egin nahi dugun ariketa behin eta berriz errepika dezakegu, berau behar bezala egiten ikasi arte. Itsasoan, ordea, saiakera bakoitza egiteko aurrez pausu asko eman behar dira. Alegia, olatuaren magala malda moduan erabiltzeko aukera izan aurretik, olatua harrapatu eta berau irakurriz taula leku egoki batean kokatzen jakin behar da ariketa egiteko, eta hori ez da batere erraza.

Skatearen hastapenak bestelakoak izan ziren, ordea. Surflariek olatuan egiten zutena lehorrean antzeztu nahi zuten eta horrela hasi ziren egurrezko taulei gurpilak itsatsi eta «errepidean surf egiten». 60ko hamarkadan, surfeko ariketak egiten ziren skatean. Patinete gainean oinak gurutzatzen zituzten, garai hartan surfean egiten zen bezala, eta, batez ere, estiloa zen garrantzitsua, nortasuna erakutsi behar zen, jarrera estiloan islatu behar zen.

Kalifornian izugarrizko arrakasta izan zuen skateak 70eko hamarkadaren erdialdera. Skatearekin «surf» egiten zuten hainbat gazte opor garaien ostean hutsik geratzen ziren etxeetako igerilekuetan ibiltzen hasi ziren olatu magalen pareko maldak aurkitu nahian. Igerileku hutsek olatu formako malda zuten eta surfa antzezteko aukera paregabea eskaintzen zuten; hori bai, besteen etxeetan sartzeak ere bazuen arriskurik. Ondorioz, hastapenetatik, skatea gizarteko sektore baztertuenen kirola izan zen. Polizia behin eta berriz saiatzen zen «igerilekuetako okupak» atzematen, eta, hala, azkenerako, korrika egin beharra kirol bihurri honen beste nahitaezko atal bilakatu zen.

Pixkanaka, skatearekin surfean egin ezin zitezkeen ariketak egin zitezkeela ohartu ziren «igerilekuetako surflariak». Paul Cullen, Dog Towneko skater ezagunak, hala zioen: «If I couldn't do it in the water, I would do it on a skateboard». Uretan egiteko gai ez zena, beraz, lehorrean patinete baten laguntzaz egiten zuen.

Kaliforniako kostaldean eman zen skatearen iraultza. Dog Towneko Z-Boys taldea aipatu behar da iturburuan. Gizarteko mailarik apalenetako gaztetxoak bildu ziren, eta, ustekabean, skatearen gurpilekin batera, kirol honen ibilbidea martxan jarri zuten. Aldizkarietan behin eta berriz agertzen hasi ziren Z-Boys taldeko kideak; gizartetik at zegoen jendea zela, ez zirela eskolara joaten, skate talde bat baina auzoko gaizkile talde bat ziruditela eta antzerakoak errepikatzen zituzten gazteon inguruan. Baina, irudi horrek, gazteekiko mespretxu jarrera sortu ordez, begirunea sortzen zuen; hala, jarraitu beharreko eredu bilakatu ziren jende askoren begietara. Gaztetxo haien izaera freskoa zen, egiten zutena ateratzen zitzaien moduan egiten zuten, beste inoren ariketak antzezteko gurarik gabe, eta horrexek egiten zituen erakargarri.

Materiala egokitzeak ariketa berriak egin ahal izatea ahalbidetu zuen, eta, pixkanaka, surfaren ariketetatik urrunduz, skatea bere bidea jorratzen hasi zen. Aldi berean, surfean ere taula txikien iraultza ematen ari zen; denbora tarte laburrean guztiz aldatu zen surf egiteko modua. Taula txikien agerpenarekin eta hiru lemen asmakuntzarekin, ikaragarrizko abiada hartu zuen surfak.

Surfak eta skateak, bakoitzak bere bidea egin zuen, nahiz eta askotan eskutik joan. 80eko hamarkadan surflariak izan ziren skateko ariketak itsasora eraman zituztenak. Hori ere Kalifornian gertatu zen, skateak bere lehen urratsak eman zituen ingurune berean. Heavy itxurako surflariak ordura arte ikusi gabeko ariketak egiten hasi ziren. Belaunaldi berria ezinezko ariketarik ez dagoela frogatzera zetorren.

Matt Archbold eta Christian Fletcher bezalako tximaluze ilehoriak ordura arte ikusi gabeko altuerako aereoak egiten ikus zitezkeen surf bideoetan. Ez ziren mundu mailako txapelketetan lehian ibiltzen ziren surflariak, amerikar zirkuituan bakarrik hartzen zuten parte; beraz, ez ziren ezagunak lehiakide moduan. Baina haien irudiek eragin handia izan zuten. Haien garezurrez jositako tatuajeek, piercing-ek, tauletako irudiek, haien bideotan nagusi zen musika gogorrak eta haien jarrera erradikalak giroa astindu zuen. Jada edozer zen posible.

New School izenaz bataiatu zuten skatea eredu hartuta surf egiteko modua, eta arrakasta itzela izan zuen. Batez ere, enpresa handiek merkatua zabaltzeko aukera paregabea ikusi zutelako, snowboarda, skatea eta surfa batzen zituen jarrera baitzegoen mundu ikuskera erradikal horren atzean. Free surfer-aren irudia sortu zen. Jada ez zegoen derrigor txapelketetan lehian jardun beharrik surfaz bizitzeko, aldizkarietarako erreportajeak eginez eta itxura salgarri bat emanez diru asko lor zitekeen.

Ordutik, urtetik urtera urratsak eman ditu surfak, batez ere ariketen erradikaltasunari dagokionean. Eta, egun, hogei urteren buruan, beste jazoera garrantzitsu baten aurrean gaudela esan daiteke. Azken urteotan, atzera begiratzeko joera izan da: ariketa klasikoak berreskuratu eta borobiltzeko jarrera nahiko hedatu da, surfak bere goia jo duela eta ezer berririk asmatzeko gaitasunik ez dagoela pentsatuta.

Txapelketetako puntuaketa irizpideak ere, joera nagusiak jarraituz ezarrita zeuden orain dela bi urte eskas arte. Belaunaldi berriak, ordea, kontrakoa frogatzera datoz. Azken urtean, ariketa berriak asmatu dira, orain artean ezinezkotzat genituenak. Oraindik gutxi batzuk burutzen dituzten ariketak izan arren, denborarekin ariketa hauek ere zaharkitu egingo dira.

Dino Andino da Archbold eta Fletcherrekin batera airean ariketak egiten hasi zen surflarietako bat; gaur egun, Dinoren seme Kolohe Andino inoiz ikusi gabeko ariketak egiten hasi da. Wildcart bati esker, 16 urte besterik ez dituen surflari estatubatuarra Trestlesen egin berri den Munduko Txapelketako saioan ikusi ahal izan dugu lehian.

Irailaren 25etik urriaren 5era bitartean Hossegorren ospatzen ari den Munduko Txapelketako proban bertatik bertara ikusi ahal izango ditugu egun ematen ari diren puntako aldaketa hauek. Belaunaldi berriek haize freskoa dakarte eta haize ufadak ziztu bizian dabiltza; beraz, ikusle moduan adi egonez gero, ikuskizun paregabeaz gozatu ahal izango dugu.

skatea eta surfa

70eko hamarkadan surf egiten zuten modu berean ibiltzen ziren patinetean ere. 80eko hamarkadan, ordea, patinetean egiten ziren ariketak surfean egiten hasi ziren. Eta, egun, oraindik ere, patineteko ariketak egiten jarraitzen dute surflariek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo