ITSASOA
«Santxeskia» hobeto!
Surflariak eta skaterrak zaku berean sartuak izan dira sarri eta orain longskateak ere zakuratu dizkigute. Egun oso ohikoak dira long deitutako lau gurpileko patinete luzeak. Nire herrira udan surf egitera etortzen diren belgikarrak eta holandarrak izan ziren patinete horiekin ibiltzen hasi ziren lehenetarikoak. Autoan zindoazela beti agertzen zen harri txiki bat zapaldu eta patineteak errepide erdira alde egin zion ilehoriren bat. Gaur bertakoak dira harri txikiren baten erruz patinetea jasotzera errepide erdira atera behar duten «nerabeak», eta, aitortu beharra daukat: Afrikako mapa erregelaz banatu zuten ilehori haiekin ez bezala, bertakoen kasuan autoz zapaltzeko gura jasanezina sartzen zait.
«Begira zein konplexu gutxiko tipoa naizen» dioen pankarta batekin joango balira bezala ikusten ditut. «Berdin zait jendeak zer dioen» eta antzeko sloganekin datozkigu. Modan dira outsiders-ak, gizarteak eta atzerakoiok ulertu ezin ditugun frikiak. Gizarajoak, ez ditu inork ulertzen. Zenbat sufritzen duten, zein baztertuak dauden....
Surflariok beti izan dugu ongi merezitako pijo fama. Baina surflariaz egiten den profila okerra da askotan; horren adibide da longskaterrak eta surflariak nahastea. Surflaria longskatean ibil daiteke, asto baten gainean ibil daitekeen modu berean, baina hortik denak zaku berean sartzera...
Ez, longskateak ez ditut maite. Politak dira, cool-ak dira, baina ez dira praktikoak. Edozein harri txiki gaindiezinezko traba da bidean, behin eta berriz patinetetik jaistera madarikatuta zaude. Helburua patinetea paseatzera ateratzea bada, bikain, baina zakurrak bezala, lotuta mesedez, paseoan dabilen astoaren orkatilek ez daukate zertan paratu gure pubertaro luze xamar honen ondoriorik.
Ohiko patinetea maite dut, ordea. Ohiko patinete batekin harri txikiak ekidin daitezke, abilezia pixka batekin koskak ere gaindi daitezke eta birak askoz ere errazago ematen dira. Olatu bat antzezteko aukera ere ematen dute. Hala ere, dudarik gabe, ganbarako zokoren batean daukagun santxeski laranja da hoberena, egun ez bezala, garai bateko patineteak irauteko egiten baitzituzten, eta, ordutik, ez baita errodamendu haiek hobetu dituen markarik agertu. Onak dira, onenak, baina ezetz modan jarri!