GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

JOSEBE EGIA

Neurri bera

Ameriketako Estatu Batuetan azken bost urteotan «legalki» erail duten lehenengo emakumeari duela astebete eskas sartu zioten akabatu zuen injekzioa, aukeran aulki elektrikoa baino nahiago izan zuelako; hori zortea berea! Kasuari hainbat ikuspuntutatik hel dakioke, heriotza-zigorraren zilegitasunaren aldetik, orokorrean, edo emakumearen adimen-kozientea muga-mugan egoteari eta betidanik buruko gaixotasun larriak eduki izanari inolako garrantzirik eman ez izanaren aldetik, zehazkiago, baina, besteak beste, bertako zenbait pertsonak eta elkartek eginiko bestelako kritikak nabarmen daitezke. Izan ere, zigortuaren generoa haren kontra jokatu zuen faktoretzat jo dute, batik bat epaileak bota zituenak aditu ondoren; sugea, tentazioa eta Bibliari dagozkion jite horretako aipamenak, hain zuzen.

Kritikak ildo horretatik zihoazen, alegia, emakumeek zenbait muga gainditu eta krimenak burututakoan, jendarteak ematen dien paperetik aldenduta, gizonak baino gogorrago zigortuak izateaz gain -justiziaren objektibotasun eza agerian-, maltzurragotzat jotzen direla. Zera gehituko nieke kritika horiei, gizartea saminduagoa, eskandalizatuagoa sentitzen dela, emakumeak nola izan dezakeen halako indarkeria barruan ulertu ezinik. Ameriketako Estatu Batuetan eta hemen, eta ziurrenik herrialde guztietan, esango nuke. Onerako eta txarrerako, emakumeak subjektu aktiboak gara, jendarteko hainbat sektorek eta pertsonak ideia hori errealitate oso bihur dadin arazo larriak izan eta eragozteko ahaleginak egin arren, eta geure helburua hala onartuak izatea eta eskubideei, betebeharrei bezala, dagokienean gizonen egikaritzapen-ahalmen berberaz gozatzea da, edozein izanda ere bizitzako esparrua. Txarrera, zigorra mereziz gero, zigor gaitzatela, baina, neurri berean, frogaturiko egitateetan oinarrituta eta ez bestelako iritzi eta ideia moralen erakusgarri.

Bestalde, hedabideetan agerpen handiegirik izan ez duen berri honen harira, une hartan Ameriketako Estatu Batuetan bisitan zegoela baliatuta Mahmud Ahmadineyad Irango presidenteak egindako adierazpenak irakur zitezkeen, Sakineh Mohammadi Ashtiani emazte irandarra harrikatuta hilaraztea justifikatze aldera, nahiz eta azkenean, nazioarteko presioa dela medio, geldiarazi egin duten; hori bai, kasua berraztertzeko, hau da, ez haren askatasuna, ez azkenean harrika ez dezaten bermatzeko. Irango kultura eta erlijioari eta hango emakumeen egoerari heltzeak luzeegi joko luke, eta ezagutu ezagutzen dugulakoan nago, hedabideak hala izan dadin arduratzen baitira; hortaz, herrialde hartako presidenteak Ameriketako Estatu Batuetan egon bitartean adierazitakoa nabarmendu nahiko nuke, badu-eta mamia: «Ameriketako Estatu Batuetan bertan emakume bat hilarazten ari dira eta inork ez du protestarik egiten». Ondoren, «Iranen kontrako hedabideen kanpaina» salatu zuen. Nazioarteko bestelako interesen babesean, jakina.

Paradoxikoa hark herrialdeentzako neurri bera aldarrikatzea, bere herrialdeko pertsonentzat ere gordetzen ez duenak, baina ezin ukatu egia borobilaren usaina, ezin ukatu neurri bera munduaren errealitatetik at dagoela oraindik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo