GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Radiokulturak haurren ametsak sarean harrapatu nahi ditu

Radiokulturak bost urte beteko ditu heldu den azaroan, eta, urtemuga ongi marrazteko, aldaketa ikusgarria egin du, aurpegiz zein mamiz. Egia bilakatutako ametsa izaki, 52 bat ikastetxetara hurbilduko da «zein da zuen ametsik handiena?» galdera pausatzera. Erantzunak ez galdu!

Maite UBIRIA | BAIONA

Caroline Phillipsek forma eman zion, badira bost urte, Radiokultura.com-eko lehen interface-ari, eta urtemugaren atarian ere berari egokitu zaio Internet bidezko irratiaren aurpegi berria marraztea. Bere ustez, 2005. urtean Errobi Promotions elkarteak abian jarri zuen egitasmoa «guztiz aitzindaria zen, eta, bost urteren bueltan, aise erran dezakegu Arte Radio irratiarekin batera Radiokultura bakarra dela Europan horrelako eskaintza eginez».

Kalitatea eta aniztasuna, horiek dira Radiokulturak erein dituen haziak, «tresna moderno baten bidez, gure lurraldea eta biztanleak hobeki ezagutarazteko», Mikel Etxebarria proiektuaren animatzaileak azaldu duenez.

Urte hauetan proposamenak etengabe berritzen joan dira. Hartara 2006az geroztik Euskal Irratiekin elkarlanean euskarazko kurtsoak eskaintzen ditu. Aldaketa handia nabarituko dute erabiltzaileek, buruiletik aitzin, ikasgaiak deskargatzeko parada eskainia baita.

Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) sostenguz abiatu duen proiektu pedagogikoan, 6-11 urte arteko haurrengana hurbilduz, galdera zehatza pausatuko diete ehunka haurrei: «Zein da zuen ametsik handiena?». Azkaineko ikastolan eginiko lehen esperientziak «freskotasun handiko soinuak ekarri dizkigu», azaldu du Etxebarriak. Batek pilotaren izarra izatearekin amets egiten du, besteak aitatxi-amatxi hurbil bizitzea du amets, eta, bertze batek, miau!, gatua bilakatu nahi du... Internetek eremu zabala dela aski frogatu du Radiokulturak. Eta, jakina, amets egitea librea da.

4.000 ARTXIBO

Soinuen irakurketaren kalitatea aski hobetu dute eta erabiltzaileak errazki aurki ditzake bere gustuko emankizunak. 4.000 artxibo bildu dituzte eta bilatzaile azkar baten bidez entzungai dira soinu horiek guztiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo