GARA > Idatzia > Kultura

U2 berriro gurean, etengabe ikuskizun «borobilaren» peskizan

Ingelesez «zu ere bai» irakurtzen da U2, eta horrela ezagutzen da radarrei iskin egiteko gai den estatubatuar hegazkin militar ikusezina ere. Gu, aldiz, rock talde ezin arrakastatsuagoaz ari gara, atzo Anoeta hankaz gora jarri zuen laukote irlandarraz. Bataz beste ehuna euro ordaindu zituzten 40.000 zale erakarri zituzten Bono eta enparauek gurera egindako hirugarren bisitan. Mundua salbatzeko gertu dira, eta, egian esan, horretarako ikuskizuna ere badute kasik.

p056_f01_204x104.jpg

Loiola ARETXABALETA | DONOSTIA

Joan da uda, bukatu da Zinemaldia, eta, udazkenak, euriaz gain, U2 rock taldea ere ekarri digu beste behin gurera. Irlandar laukoteak hirugarren bisita zuen Euskal Herrira, hirurak Donostiara. 1992an izan ziren aurrenekoz, «Zoo TV» biran -«Zooropa» deitua-, eta orain bost urte bigarrenez, «Vertigo birarekin -Anoetan bertan izan ziren-. Atzo, berriz, «U2 360º Tour» birak ekarri zituen gure artera.

Kanpoan, jendea arrapaladan zebilen, bizkor, urduri; barruan, berriz, lasai eta umoretsu. Giroa freskoa baina primerakoa zen. Aurretik Interpol taldeak jo zuen -datorren astean Bilboko Campos Eliseos antzokian izango dira-, baina jendea U2ko artisten zain zegoen. Anoeta polit eta bete-bete ageri zen; erdian hondartzako baloi handi koloretsuak zebiltzan dantzan.

David Bowie entzuten zela taularatu ziren musikariak eta aurki aterako duten diskoko «Return of the Stingray Guitar» kantua jo zuten. Gero «Beautiful Day» -halaxe zen askorentzat- hit dantzagarri eta alaiarekin jarraitu zuten; jendea, jada, zoratzen zegoen.

Euria egiteko aukera %35ekoa omen zen aurreikuspenen arabera, baina atzoko egunak garbi samar eutsi zion zorionez -Donostiara heldu aurretik egindako azken zuzenekoan, Bruselan, «Singing in the rain» abestu zuen Bonok euripean-.

Rockaren izar goren, laukote irlandarrak ez du gaurkotasunik galdu, soinuari eta sorkuntza artistikoari dagokionean aspaldi atzean gelditu baziren ere -talde erraldoi guztiak legez-. Atzo, estadioen eraztun osoa erabiltzeko diseinatutako The Claw agertoki ikusgarria izan zuten berrikuntza nagusi. «Erpea» estadioaren erdian jartzeko diseinatutako oholtza erraldoia da, eta musikazaleak guztiz inguratzen dute kontzertuetan; Anoetak 32 metroko altuera duenez, kolorez aldatu zein pantaila erraldoiak sortzeko gai den The Claw txundigarriak estadioaren beraren altuera gainditzen zuen atzokoan.

Iragan maiatzaren 10ean 50 urte bete zituen Bono edo sir Paul David Hewsonek, The Edgek, Adam Claytonek eta Larry Mullenek 1976an sortu zuten U2. «Boy» taldearen aurreneko lanak, berriz, urriaren 20an beteko ditu 30 urte (argi, beraz, berrargitarapenekin). Azken lana «No line in the horizon» dute, iaz argitaratutakoa (zale amorratuentzat «U2: Duets» prestatzen ere badabiltza eta bira honetako DVD bat ere kaleratu dute dagoeneko). Donostian aurki argitaratzear diren «Song of ascent» laneko pare bat kantu ere entzun genituen atzo, «North Star» eta «Mercy», ia abeslaririk behar ez duten «I Still Haven't Found What I'm Looking For» edo «With Or Without You» abestiekin batera (kantu zerrendak apenas izan du aldaketarik bira guztian zehar).

Azken asteotan, jendea foroetan galdezka aritu izan da, «Ultraviolet» edo «Hold me» joko ote zuten, eta guztien artean Multicam bat egiteko proposamenak luzatzen. Eta atzo bertan ere, bazkalosterako, U2k soinu frogetan jotako kantuen berri eman zuten: «City of Blinding Lights», «Vertigo» eta «Moment of Surrender». Ikusmin ikaragarria zen, beraz, irlandarrak ahalik eta gertuenetik ikusteko; horren erakusle ilara handiak izan ziren atzo Anoeta inguruan. Ilarako lehena, esaterako, ostiraleko 13.00etatik zain zen valentziar bat genuen. Kontuan izan behar da ateak 17.30ean zabaldu zituztela, eta aurreneko zale sortak -1.000 lagun inguru- agertoki borobiletik oso gertu egoteko aukera izan zutela.

Rock banda erraldoia

Munduko rock banda erraldoiena da egun U2 -negozioaz ari gara, bistan da-, eta, krisi garaiotan ere, sarrera garestienak 100 eurotik gorakoak izanagatik, ez du erakarpen indarrik galdu. Show bussines-aren errege, U2 izan omen zen iaz diru gehien poltsikoratu zuen rock taldea (100 milioi dolarretik gora). Sosak sos, oraindik ere zirrara sortu eta zale sutsuak katarsira eramateko gai dira, eta, bizi gaituen izpirik gabeko aroan, ez da gutxi.

ITSASO ERRALDOIA

Minutuak aurrera egin ahala giroa berotzen eta berotzen joan zen. Batzuk olatua egiten hasi eta itsaso erraldoi bilakatu zuten Anoeta. Bono olatu artean zebilen, jendearen oihartzuna bilatzen. Taldea ere indartsu altxatzen zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo