GARA > Idatzia > Kirolak

SURF • Quicksilver Pro France

Hossegor, bere onenean

Olatu indartsuak eta ikuskizun paregabea izan dira nagusi WCT txapelketako lehen txandetan.

p042_f01.jpg


Haritz LARRAÑAGA

Goizean goiz hasi ziren lehen itzuliko txandak ospatzen atzokoan. Bi metro eta erdiko olatu indartsuek ez zuten ariketa asko egiteko aukerarik ematen; horregatik, tuboa izan zen behin eta berriz ikusleen txaloak jaso zituen ariketa.

Erorketa ikusgarririk ere izan zen, noski. Tubo batetik ateratzen ari zela olatuaren gandorrak osorik irentsi zuen Adam Melling eta «ou» ozen bat entzun ahal izan zen ikusleen aldetik.

Goizeko lehen txandak izan ziren bereziki ikusgarriak. Txanda bakoitzean bere arerioa baino asko gehiago zen lehiakideren bat gailentzen zen ia beti; beraz, epaileek ez zuten lan zaila izan. Hala ere, eta batez ere goizeko txandetan, oso zorrotz puntuatu zuten epaileek; tubo ikusgarri askok nekez lortu zituzten lau puntu baino gehiago.

Taj Burrow eta Mick Fanning australiarren tubo bikainak izan ziren lehen txandetako aipu garrantzitsuenak. Olatuaren erraietan desagertu zirela zirudienean ezerezetik agertzeko gaitasun ikusgarria erakutsi zuten.

Epaileek, ordea, ez zuten aski tuboekin. Zerbait gehiago nahi zuten. Puntuaketek argi erakusten zuten ariketa ikusgarriak besterik ez zituztela altu puntuatuko, eta, surflariak, ezkutuko mezua jasota, olatuaren momenturik zailenean ariketa bortitzak egiten hasi ziren. Itsasoa ez zegoen txantxetarako eta gutxi izan ziren hasitako ariketa behar bezala bukatu zuten lehiakideak; hori bai, lortu zutenek ongi merezitako puntuak jaso zituzten.

Jordi Smith hegoafrikarrak tubo ederrak egin zituen, baina bere berezitasun nagusia diren aereo harrigarririk ez zuen burutu. Patrick Gudauskas estatubatuarra izan zen ariketa bertikalak eta aereo saiakerei ekin zien lehena. Tubo baten ostean aereo altu batekin amaitu zuen olatu ikusgarri bat egin zuen.

Aereoak ez, baina ariketa indartsuak egin zituen beste lehiakidea C.J. Hobgood izan zen. Ikuskizun ederra eman eta gogotik egin zuen borroka, olatu oso zailak harrapatu arren ariketak osorik egitea lortu baitzuen. Gainera, itsasoaren egoera zela eta, zaila zen olatu asko harrapatzea; salbuespena hamabi olatu harrapatu zituen C.J. izan zen. Zain egon behar horrek ikusleak nekarazi zituen azkenerako.

Asmatu ez zuena Kelly Slater izan zen; ez zuen olatuak aukeratzerakoan zorterik izan. Azken postuan geratu zen, wildcard batekin lehiatzen ari den Maxime Huscenot gaztearen atzetik. Reunion uharteko 17 urteko surflariak arerio arriskutsua izan daitekeela frogatu zuen.

King of the Groms 16 urte bitarteko txapelketari dagokionean, ez zen txandarik izan atzokoan. Horrenbestez, astean zehar jarraituko dute larunbatean hasitako txandei jarraipena ematen.

Giroa ona izan zen. Olatuen kalitatea apartekoa, surflarien maila bikaina, eta, horrez gain, eguraldia ere lagun izan zen atzokoan. Milaka izan ziren Hossegorreko ikuskizunaz gozatzera gerturatutakoak.

Gaur bigarren itzuliarekin jarraitzekoak dira. Atzo bigarren eta hirugarren postuan geratu zirenen arteko lehia izango da hurrengo txandara nor iragango den erabakitzeko. Lehen postuan geratu zirenak, berriz, zuzenean igaro dira hirugarren itzuliko txandetara.

Lehiaketa sistema berriak kaleratutako surflariei bigarren aukera bat ematen die. Aukera hori, lehen eta laugarren itzuliko txandetan ematen da soilik; hiru lehiakidez osatutako txandetan, alegia. Gainontzeko txanda guztiak buruz burukoak dira.

Olatuen iragarpenari dagokionean, azkenik, osteguna bitartean itsasoak beherako joera duela dirudi. Aldiz, jarraian beste fronte bat dator eta olatu handiak izan daitezke berriz; horrekin batera baina, eguraldiak okerrera egin dezake. Bi aldagai horien arabera erabakiko dute antolatzaileek txapelketa noiz egin.

granollers

33

san antonio

23

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo