Espanyolen aurkako larunbateko neurketa prestatzen
Partida «bitxia» izango dela aitortu du Tamudok
Aurrelariak bere bizitzako urte gehienak talde katalanean eman ditu, baina asteburu honetan hiru puntuak lortzeko garrantzia azpimarratu zuen. David Zurutuza, aldiz, euskarrian jokatzeko prest agertu zen.
Imanol CARRILLO
Giro ezberdina antzematen zen atzo goizean Zubietan. Nahiz eta neska-mutilek ikasturtea hasi duten jada, bihotzeko taldearen kamisetak jantzita zituztela, haur ugari bildu zen Realaren «lantokian», zuri-urdinak entrenatzen ikustera.
Askoren idoloak direnak entrenatzen ziren bitartean, Mikel Gonzalez eta Aranbururen izenak izan ziren oihurik errepikatuenak. Aipagarriena eta barregarriena, aldiz, «Tamudo cojonudo» esaten zuen ahotsa.
Izan ere, aste berezia ari da izaten Raul Tamudorentzat. Bere bizitza osoko taldearen aurka arituko da asteburu honetan Anoetan, Espanyolen kontra alegia, eta berak uste zuena baino lehenago, gainera.
Santa Coloma de Gramaneten jaiotako jokalariak azken hamabi urteak pasa ditu Bartzelonako taldean jokatzen (1998-99tik 2009-10era bitartean), eta talde horren historiako golegilerik handiena izatera iritsi da.
1996-97ko denboraldian egin zuen debuta Espanyoleko lehen taldearekin. Urte hartan bere lehen gola sartu zuen, 30. jardunaldian, Herculesen aurkako neurketan. Gol hura oso garrantzitsua izan zen bere taldearentzat, biak mailari eusteko borrokan baitzebiltzan. Gainera, sartu zuen bigarrena Sarrian izan zen, futbol zelai hartan sartu zuen bakarra.
1997tik 1999ra bitartean Alavesen eta Lleidan aritu zen jokatzen. 2000an Glasgow Rangers taldekoen eskaintza jaso zuen, eta Espanyolek jokalaria saltzea erabaki zuen, krisi ekonomiko batean murgilduta baitzegoen. Tamudok oso triste agurtu behar izan zituen taldekideak eta bere bihotzeko taldea Eskoziara bidean, baina bertako taldeak ez zuen azkenean fitxatu, aurrelaria lesionatuta baitzegoen.
Beraz, Espanyolera bueltatu zen. Hala ere, azken denboraldia ez da batere ona izan. Kirolez kanpoko arazoak tartean zirela-eta, taldeak Tamudoren etete klausulako zenbatekoa murriztu zuen norbaitek fitxa zedin. Behin denboraldia amaituta, Realak fitxatzea erabaki zuen.
Gauzak horrela, «aste bitxia» ari dela izaten aitortu zuen prentsaurrekoan Raul Tamudok. «Duela bost hilabete beraiekin ari nintzen entrenatzen. Duela bost urte, halako zerbait ez litzaidake bururatu ere egingo», gaineratu zuen.
Hala ere, argi eta garbi utzi nahi izan zuen larunbaterako ez duela «errebantxa gogorik». Are gehiago, «ez dut nahi partida Tamudo-Espanyolera bakarrik zuzentzea», azpimarratu zuen.
Egoera honek ez duela bera urduritzen aitortu zuen aurrelari katalanak: «Denbora asko daramat lanbide honetan. Beti izan naiz profesionala. Realak hiru puntuak lortzea eta duda guztiak desagertzea bakarrik nahi dut».
Tamudok hiru gol sartu ditu denboraldi honetan. Aitortu zuenez, Espanyoli sartuko balio ez luke jakingo ospatu ala ez. «Momentuan ikusi beharko da, gertatzen bada eta nola gertatzen den», adierazi zuen.
Hala ere, Realak azken neurketetan emandako irudi txarrak Martin Lasarteren estrategia alda dezake, Tamudo aulkian utziz eta bere ordez Joseba Llorente ipiniz. Aurrelari katalana ez litzateke haserretuko hasierako hamaikakoan ez egoteagatik, «talde honetako beste jokalari bat gehiago bainaiz».
Zurutuza, euskarrirako prest
Aldaketa gehiago egin litzake entrenatzaile uruguaitarrak larunbatean. Izan ere, azken orduotan askoren ahotan dabil David Zurutuzaren postua atzeratu lezakeela Martin Lasartek. Hau da, aurrelariaren atzetik egon beharrean, euskarrira jaits litekeela gaztea.
Jokalaria prest agertu zen edozein tokitan jokatzeko: «Txikitan postu horretan jokatzen nuen. Hasierako hamaikakoan baldin banago, berdin zait non jokatu. Ondo jokatuko nuke euskarri moduan».
Azken partidei buruz, taldea ez dela «oso fin ibili» aitortu eta honakoa gaineratu zuen: «Liga amaiera urruti dago. `Final' hitza gehiegizkoa iruditzen zait».
Izan ere, aurtengo denboraldia iazkoarekin alderatu zuen: «Iaz partida gehiago irabazi genituen galdu baino. Baina aurten partidak oso zailak dira. Berriro altxatzen ikasi behar dugu». Horretarako, «etxean beti gusturago sentitzen gara eta Anoetak gotorleku bat izan behar du», esanez amaitu zuen.
Hoy se ponen a la venta, a las 16.00 en Anoeta, las entradas para el partido que enfrentará este sábado a la Real Sociedad con el Espanyol. Los precios oscilan entre los 25 euros (Tribuna Baja Norte-Sur) y los 50 euros (Tribuna Principal Alta y Tribuna Este Alta y Anfiteatro).
La Real entrenará hoy a puerta cerrada a las 10.00 en Zubieta. Debido al cambio del césped de Anoeta, la plantilla blanquiazul podría entrenar mañana mismo, antes del duelo ante el Espanyol, en el estadio para comprobar la calidad de la nueva hierba procedente de Holanda.
Cerca de un centenar de alumnos de la ikastola Arizmendi de Arrasate fueron los primeros en gozar en Zubieta de una nueva edición de la iniciativa Amets Bat. La cantidad de actividades que realizaron se vieron coronadas con una charla con Paco Sutil y Mikel González.