GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander Garro Idazlea

Erlatiboa

Kontra agertzeagatik esaten duk hori». Sarritan gertatzen zait, zer edo zeren aurka agertu orduko, halako zerbait entzun beharra. Adostasunaren diktadura da. Txukuna da (harmonian eta gero) harmonian egotea, zatarra kritiko izatea. Azkenean, ordea, adostasunaren aldeko talibanek banatzen dute egurra: harmoniaren aldeko defendatzaile sutsuak, iritzia izateko eskubidea monopolizatuta. Ez dakit nola egiten duten beti arrazoi izateko, misterioa da. Esaldi batzuk erabiltzen dituzte, eltzerako starlux-a bezala, kanpotik entzunda zentzudun diruditenak: «Ezin da orokortu». Horra esaldietako bat. Lege orokorra da, gainera, ezin orokortze hori. Ezin da orokortu, ez bada ezin dela orokortu esateko. Badituzte beste makulu batzuk: «Zeure iritzia da hori». Saiatu zara gai baten hondoraino jotzen, erpin guztiak kamusten, korapilo guztiak askatzen, ñabardura guztiak aztertzen, eta, hara non, hori «zure iritzia baino ez» den. Eta iritzi guztiek berdin balio dute, noski, baita arrazoirik (argudiorik, hausnarketarik…) gabeko iritziek ere. Bada, ordea, makulu guztietan bat, bereziki bat, benetan gaixotzen nauena, Einsteinen akolitoek erabiltzen dutena: «Dena da erlatiboa». Zer ordu da? Bostak: erlatiboa da. Zer da hau? Egunkari bat: erlatiboa da. Dena da erlatiboa, eta hala denez, berdin dio arre edo so, berdin dio gorri edo beltz, aurrera edo atzera, ezker edo eskuin, orain edo gero. Balio duen bakarra printzipio eskas eta ustel hori da, alegia, dena dela erlatiboa, salbu eta hori, egia enpiriko eta eztabaidaezin hori: dena dela erlatiboa. Hau guztia noski, nire iritzia da…

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo