Greba mugatua: sortze beretik, azken emaitzan
Europako Sindikatuen Konfederazioak bultzaturiko protesta egunarekin batera, UGT eta CCOO sindikatuek deitutako greba orokorraren eguna izan zen atzokoa. Zapateroren Gobernuaren politika ekonomikoaren zuzenketa eskatuz bi sindikatuok euskal herritarrak ere gonbidatu zituzten protesta kolektiboan parte hartzera. Eta hiriburuetako zenbait industrialde eta eskualde oso zehatzetan izan ezik, grebaren jarraipena oso eskasa izan zen. Toki askotan hutsala izaterainokoa. Hala aitortu zuten Estatuko eta nazioarteko hainbat komunikabidek. Lehen irakaspena begi-bistakoa da: Euskal Herria politika soziolaboralerako eta borroka sindikalerako berezko eremua da, dinamika eta erronka propioak dituena, eta bertako gehiengo sindikala zokoratuz, eta are saihestuz, hemen ez dago erantzun sindikal egokirik, ezta lan-ildoak taxutzerik.
UGT eta CCOO sindikatuek aspaldi ekin zioten Gobernuarekin eta patronalarekin politika ekonomikoak adosteari, gardentasunik gabeko gizarte-elkarrizketaren eskutik. Euskal Herriak erabakitzeko ahalmena eta politika soziolaboral eraginkorrak behar ditu, baina bi sindikatuok euskal eremua mamirik gabe utzi, eta Madrilen zentralizatuko den politikaren alde egin dute, batzuetan lotsagarri egin ere. Nafarroako Gobernuak urrezko dominarekin saritzeraino kasurako. Aurrekari horiekin, euskal langileriak greba deialdia bere egin ez izanak ez lituzke harritu behar. Hausnarketa zorrotz eta eraikitzaile baterako bide izango ahal da.
Krisiak eragindako zorren kiribilari aurre egiteko, lan, soldata eta pentsio murrizketa berriak etorriko dira, eztabaida zaharrak mahaigaineratuz: herstura ekonomikoa ala pizgarri ekonomikoa, gastu sozialen murrizketa ala areagotzea... krisi egoeratik ateratzeko errezetak ugaritu egingo dira. Baina bi gauza ziurrak dira: batetik, errezeton ordaina langileen bizkar utzi nahi dela eta, bestetik, langileria ez dagoela pozik eta aski motibazio baduela ekintza bere esku hartzeko. Ez, ordea, sortze beretik eta azken emaitzan mugatua den grebaren eskemak errepikatuz gero.