Manifestazio nazionala izango da azaroaren 6an, Ikasle Egunean
Amurrion izango da aurten Ikasle Eguna eta manifestaldi nazionala deitu du IAk egun horretarako, «hezkuntzak bizi duen erasoaldi inposatzaile eta espainolistari» erantzuteko.
Oihana LLORENTE
«Ikasleoi erasorik ez! Hezkuntza Sistema Nazionala» lelopean egingo dute ikasle abertzaleek aurtengo Ikasle Eguna. Azaroaren 6an izango da hitzordua eta Amurrio bilakatuko dute ikasleen topagune. Egitarau oparoa prestatu du du Ikasle Abertzaleak erakundeak Ikasleen Nazioarteko Egunaren karietara urtero antolatzen duten jaialdirako eta atzo aurkeztu zituzten prentsaren aurrean horren nondik norakoak.
Garrantzi berezia eman diote azaroaren 6an, 17.30ean, Amurrioko udaletxe plazatik aterako den manifestazio nazionalari. «Ikasle eta gazte uholdea» bertaratzea espero du Ikoitz Arrese IAko eledunak. Manifestaldi honen xedea «euskalduntzen ez duten ereduei; curriculum arrotzei; dekretu eta hitzarmen errepresiboei; hezkuntza patriarkalari; hezkuntzaren merkantilizazioari eta Euskal Herrian ikasteko traba admnistratiboei ezezko borobila» ematea eta aldi berean, Hezkuntza Sistema Nazionalaren alde apustu egitea dela ere argitu zuen Arresek. Eduki horiek dira IAren manifestuaren funtsa, eta dagoeneko makina bat eragileren babesa jaso du agiriak.
Manifestazioa ekitaldi nagusia izan arren, egun osorako prestatu duten egitaraua ere ez da makala. Ekitaldi politikoaren ostean, musikak beteko du Amurrion jarriko duten karpa eta Doctor Deseo, La Pulqueria, Habeas Corpus, Gose eta Ze esatek! taldeek jarriko dute dantzan. Azken talde honetako kideak, aurkezpenean izan ziren atzo IAko militanteekin batera, izan ere, talde horrena izan da aurtengo Ikasle Egunaren abestia egiteko ardura.
Goizean goiz abiatuko da aurtengo Ikasle Eguna, eta gazteei zuzendutako egitarauaz gain, haurrak ere izan dituzte gogoan IAko kideek. Horientzat haur jolasak, tailerrak eta Porrotx pailazoa bera ere izango dira Hezkuntza Sistema Nazionalaren Gunean. Bertan ere herri mugimenduko eragileen azoka eta «beste unibertsitate baten aldeko» ikasle olinpiaden finala ospatuko da.
Eguerdi partean 400 ikaslerentzako herri bazkaria izango dela ere adierazi zuen Arresek.
Euskal hezkuntzak egun bizi duen «erasoaldi inposatzaile eta espainolistari herritarrek erantzunez aurre egin» behar zaiola uste du Arresek, bai eta «Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko uholdea gorpuztu» behar dela. Bide horretan, azaroaren 6an «egun handia» izatea espero dute IAko kideek.