Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako nekazaritza ustiategiak %33 gutxitu dira 10 urtetan
GARA | DONOSTIA
Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban 16.445 nekazaritza ustiategi zeuden 2009. urtean, hau da, 1999an baino 8.293 gutxiago (%-33), Eustat-ek osaturiko 2009ko Nekazaritza Zentsuko behin-behineko datuen arabera. Beherakada handiena Bizkaian gertatu da (%37), bigarrenik Araban (%33) eta txikiena Gipuzkoan (%30). Hamar urtetan mota guztietako ganadu ustiategiak gutxitu dira baina, aldi berean, ustiategi guztietako batez besteko buru kopuruak gora egin du. Hala, beherakadarik handienak esne behietan (%68,5) eta txerri-aziendetan (%68,2) izan dira. Haragitarako behien ustiategiak ere nabarmen gutxitu dira, %33. Ustiategien izaera juridikoari dagokionez, 1999 eta 2009 artean ez da ia aldaketarik izan; %95 inguru pertsona fisikoenak dira eta %5 pertsona juridikoenak. Ustiategietako nagusien batez besteko adina, berriz, 58 urtekoa da.