GARA > Idatzia > Ekonomia

Urteetan kalitate handiko gatza ekoizten aritu ostean, gaur itxiko dute Mugerreko gatzaga

A.M. | BAIONA

Salines de Bayonne Mugerreko gatzagak gaur itxiko ditu behin betiko bere ateak. Erauzketa eta gatzaren tratamendua duela aste pare bat gelditu ziren bertan behera eta makineria, berriz, Alemaniara bidali dute.

Urketako 70 hektareako meategitik erauzitako gatza kalitate handikoa eta oso ezaguna izan da urte askotan, baita Ipar Euskal Herritik kanpo ere. Aspalditik erabiltzen da gazikiak egiteko, batez ere, Baionako urdaiazpikoa gazitzeko.

Alta, udaberrian itxieraren inguruko zurrumurruak zabaldu ziren. Azken urteetan ekoizpenean izandako beherakada tarteko eta dagoeneko errentagarria ez zela argudiatuta, egungo jabeek -Kali Undsalt talde alemaniarra-, gatzaga ixtea deliberatu zuten.

Hala eta guztiz ere, enpresak Cerebos marka ezaguna gorde egingo duela adierazi du, nahiz eta aurrerantzean izendapen horrekin salduko den gatza ez den Mugerrekoa izango.

65 langile, kalera

Mugerreko lantegian 65 langile aritzen ziren. Horietatik gehienek berrogeita hamar urtetik gora dituzte. Kaleratze plangintzaren baitan hainbat irtenbide eskaini zaizkie baina, gaur-gaurkoz, sei langilek soilik aurkitu dute beste lanpostu bat.

Hamar batek formazio saio bat hasiko dute eta, bihartik goiti, nahi duenak beste lan bat aurkitzeko, gehienez bederatzi hilabeteko eszedentzia berezi bat har dezake. Tarte horretan, enplegu arloko aholku-kabinete baten laguntza ukango du.

Urketako auzapez Barthelemy Bidegaraik, arazte-lanak enpresaren gain direla nabarmendu ostean, beste industria jarduera bertan kokatzea espero du. Aisialdiko jardueraren bat ezartzeko aukera ere ez du baztertu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo