Kronika | Bilkura Nobel saridunekin
Ikasgeletan ez dadila jaiotzetik dugun sormena itzali, indartu baizik
Ikasleak batu ziren herenegun ikertzaile ezagunekin; eta gazteokin lanean diharduten irakasleen txanda izan zen atzo. Donostiako Zientziaren Kutxaespazioan ehun irakasle inguru batu ziren Dudley Herschbach, Claude Cohen-Tannoudji eta Heinrich Rohrer Nobel saridunak parean zituztela. Zientzia irakaspenak gaitzat hartuta, «haurrek jaiotzetik duten sormena ez akabatzea» dela helburua azaldu zuten, «guztiak baikara jakin-min handiko ikertzaileak umetan».
Maider EIZMENDI
Eurak ere izan ziren ikasle, izan zituzten bidea argitu zieten irakasleak, oraindik ere oso gogoan dituztenak; lortu dituzten sari eta ezagupen guztien hazia jarri zieten haiek. Eta egun gaztetxoekin ikasgeletan ari diren irakasleei zientzia irakaskuntzaren garrantzia nabarmendu nahi izan zieten. Bezperan hainbat ikaslerekin egin zen bilkuraren eskema berarekin, Dudley Herschbach, Claude Cohen-Tannoudji eta Heinrich Rohrer Nobel saridunak ehun bat irakaslerekin batu ziren atzo goizean Zientziaren Kutxaespazioan.
Pedro Miguel Etxenikek egindako sarreraren ostean eseri ziren hiru zientzialari ospetsuak irakasleen aurrean, eta euren ikasle eta ikertzaile esperientziari heldu zioten umoretsu. «Zer entzun nahi duzue?», galdetu zuen Rohrer-ek irribarreka. Gehienek seguruenik ospe eta balio handiko ikertzaile izateko sekretua jaso nahiko zuten, bertan bildutako irakasle batek aditzera eman zuen moduan, euren «ikasleak balio handiko ikertzaile izatea baita ametsa».
Dudley Herschbach kimikari estatubatuarrak haurra zela izan zuen irakaslea ekarri zuen gogora bere azalpen laburrean. «Davidson irakaslea erabat liluratuta zegoen Kaliforniako indiarrekin; hasiera batean, ez zuten aparteko ezer, ingurune egokian bizi zirenez bizirauteko baliabide gehiegi ez baitzuten asmatu behar izan; baina bera liluratuta zegoen eta haien inguruan, edozer gai zela ere, proiektu bat egiteko eskatu zigun, nik gurdi bat eraiki nuen. Hura izan zen nire lehen esperimentua, ikerketa lana», kontatu zuen.
Unibertsitatean izandako matematika irakasle hungariarraz ere mintzatu zen. «Formulatik abiatu beharrean, adibideak ematen hasten zitzaigun eta horiek kontuan hartuta eskatzen zigun guri teorema deszifratzeko. Hori da modua, nire ustez, kontzeptuak ematea baino garrantzitsuagoa delako ikasleen interesa piztea, bidea zabaltzea, eurek hausnar dezaten», argitu zuen.
Ikasketak aukeratzearen trantzeaz ere mintzatu zitzaien Rohrer irakasleei. «Ikasketetan ondo moldatzen nintzen, baina ezin dut esan izar bat izan nintzenik», ohartarazi zuen bere hizketaldia abiatu eta segituan.
Erabakiak hartzen
Ikertzaile suitzarrak antzinako hizkuntzak asko maite zituela kontatu zuen, latina eta grekoa, eta horregatik zalantza handiak izan zituela unibertsitatera joan aurretik. «Azkenean zientzien aldeko apustua egin nuen, eta badirudi asmatu nuela, ez bainaiz hain gaizki moldatu», aipatu zuen. Ez alajaina, izan ere, 1986an Fisikako Nobel saria jaso zuen tunel efektuko ekortze mikroskopioa asmatzeagatik. Aukera egin beharraren garrantzia nabarmendu nahi izan zuen, era berean: «Erabakiak hartzearen garrantzia ere transmititu behar zaie ikasleei, bizitza bera aukeraketaz josita baitago».
Zientzialariak biziarteko ikasleak direla ohartarazi zuen Cohen Tannoudjik, «zerbait ulertzera iristean, beste hainbat arazo topatzen baitituzu». Irakasle lana oso garrantzitsua dela onartu zuen, eta arduratuta agertu zen zientzia ikasketetan matrikulazio kopurua murriztu delako. «Orain inoiz baino garrantzitsuagoa da ikertzaileak izatea, arazo mordoa baitago konpontzeko», gogorarazi zuen. Bere esanetan, ikasleei ulertarazi behar zaie, «zientzia abentura ikaragarria dela, pertsona gisa aberasten zaituena eta, gainera, unibertsoaren bilakaeran eragin handia duena».
Ikaslearen parte hartzea
Hirurak bat etorri ziren ikasgeletan ikaslearen parte hartzea sustatzeko premia nabarmentzean. «Erakutsi egin behar diegu zientzia teoriak zalantzan jartzen, itsu-itsuan ez sinesten; irakasleei askotan beldur ematen die euren ikasleen aurrean zerbait ez dakitela esatea; baina hori da zientzia eta hori ere egin behar da», adierazi zuen Herschbach-ek.
Ildo horretatik azaldu zuen, bere ikasgaietako batean, ikasleei proposatzen diela beren intereseko gai bat hartu eta hori jorratzeko. «Arrakasta itzela du eta ikasleek lan izugarria egiten dute. Une batez irakasle sentitzen dira eta euren ikaskideei huts egitea irakasleari berari huts egitea baino gehiago axola die». Ikertzaileak berak esan zuenez, «maitasuna, beharra baino irakasle hobea da».
Zientzia testuliburuei helduta, horietan agertzen diren ariketetako asko ez direla erakargarriak nabarmendu zuen, halaber, Herschbach-ek. «Gauza oso konkretuak eskatzen dituzte, erantzun bakarrak eta, jakina da, gero bizitza ez dela horrelakoa. Zientzia bera dogma mugiezinen sorta gisa agertzen da maiz, inolako aldaketarik onartzen ez duen zerbait balitz bezala, eta justu kontrakoa da», arrazoitu zuen kimikari estatubatuarrak.
Lehen azalpenen ostean, iritsi ziren parean jarritako irakasleen galdera eta hausnarketak eta zehaztutako curriculumak jartzen dituen arazoez mintzatu zen bat baino gehiago. «Bai ongi dago diozuena, baina selektibitatea hor dugu eta horrek asko mugatzen du gure jarduna», argudiatu zuen publikoan eseritako irakasle batek.
Egungo hezkuntza sistemak duen arazoetako bat dela hori onartu zuten. «Kontuan izan behar dugu egungo unibertsitate sistemarekin, Einstein bera ez luketela onartuko, pentsa zer galera!», ohartarazi zuten.
Puntu honetan, Pedro Miguel Etxenikek ere hitza hartu zuen, eta ohartarazi zien Europa mailan hezkuntza sistema erregularizatuegia eta burokratizatuegia dela. «Arazoa da passion for knowledge beharrean [jakintza grina], burokraziarekiko pasioa bultzatzen dela hemen, Ameriketako Estatu Batuekin konparatuta», azaldu zuen.
Zientzialarien irudia
Zientzialari karrerak dituen oztopoen inguruan ere jardun zuten, eta ondo ordaindua izatea ez ezik, aitortua izatea ere oinarrizkoa dela iritzi zioten. «Lehen, unibertsitateko irakasle izateak balio handia zuen; gaur egungo gizarte honetan, ordea, futbolari izatea baloratzen da», onartu zuen Herschbach-ek.
Zentzu horretan, irribarre artean onartu zuen The Simpson telesailean egindako agerpen batek Nobel sariak baino son handiago eman ziola, gazteen artean behinik behin. «Nik ez dakit zenbat e-mail jaso nituen orduan», esan zuen barrez.
Zientzialariez ematen den irudia ere ez dela errealitatera egokitzen iritzi zioten. «Pertsona bakarti eta erdi erotuak balira bezala aurkezten dizkigute zientzialariak; nork izan nahi du horiek bezalakoa?», adierazi zuten.
Agian, irudi hori egokitzeko lagungarri izango dira bezperan ikasleekin eta atzo irakasleekin egindako bilkurak, baita erakusteko ere Nobel saria jaso eta bakoitzak bere alorrean duen sona izanagatik ere, hiru ikertzaile ezagun hauek bere garaian izan zirela haur, izan zituztela zalantzak, eta bidean topatu zituztela zientziarenganako interesa piztu zieten irakasleak, oraindik ere gogoan, oso gogoan dituztenak.