GARA > Idatzia > Kultura

«La espera», heriotzaren eta askatasunaren zain direnen trantzea, dakar Hortzmugak

Hortzmuga antzerki taldeak kaletik antzokira egingo du salto. Datorren urriaren 7an estreinatuko du «La espera» lana, Bilboko BBK aretoan. Josu Monterok idatzi eta Raul Cancelok zuzendutako ikuskizun poetikoa da, Joseba Apaolazak, Gurutze Beitiak eta Arantza Goikoetxeak gorpuzten dutena, Alain Sanchoren saxoarekin batera.

p040_f01_152x132.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

«Itxoiten» zion behin eta berriz Negu Gorriak taldearen kantu ezagun hark. Obra honetako protagonistak ere horretantxe ari dira, itxaroten. Batetik, gizonezko bat, erremediorik gabeko gaixotasunak jota etxe galdu batean, ohean etzanda, heriotzaren zain dagoen musikari erretiratua. Bestetik, emakumezko bat, bere bizitzako azken hamabost urteak kartzelan eman dituena, aske geratuko den egunaren bezperan. Biak zain, etorriko denaren beldur.

Hortzmugak eta Arriaga antzokiak ekoiztutako lana da «La espera» eta Josu Monterok idatzi du testua, beste bi lanetatik abiatuta: Michael Azamaren «La esclusa» eta Enzo Cormannen «Mingus Cuernavaca». Zuzendari lana, berriz, Raul Cancelok egin du. «Arriaga antzokiak komentatu zigun formatu ezberdinentzako espazio berri bat zeukala eta gurekin lan egitea gustatuko litzaiokeela. Orduan bilaketa hasi genuen eta bi testu hauekin egin genuen topo, hiltzear dagoen musikariarena eta kartzelatik ateratzear dagoen presoarena», azaldu zuen atzo Cancelok. «Zein gogorra izan behar duen itxarote momentu horrek», hausnartu zuen, «badakizu zer gertatuko den, baina ez dakizu gertatu ondoren zer egongo den».

Datorren urriaren 7an izango da estreinaldia (20.00) eta hilaren 10era bitartean egongo dira Bilboko Gran Viako BBK aretoan. Joseba Apaolaza arituko da musikariaren azalean eta Arantza Goikoetxea presoarenean. Antzezlanak badu gainera hirugarren pertsonaia bat ere, Gurutze Beitiak gorpuzten duena. «Zuzendariak Scheherezada moduko bat naizela dio», azaldu zuen aktore mundakarrak. «Deitu xaman, obraren gidari... Publikoari presoaren eta musikariaren istorioak gerturatzen dizkiona da. Izan ninteke musikariaren erizaina, presoaren ama, zaindari bat, beste preso bat... Baina, une oro, Scheherezada espiritu hori mantentzen du, jolas moduko bat da».

Apaolaza, berriz, ohean etzanda ikusiko dugu, marmarrean, kexu. «Ez du etsi nahi, ez du onartzen bere patua eta hil behar izatea. Bere burutazio guztiak amorru horretatik datoz, ezin duelako onartu», azaldu zuen. Oraindik «Aitarekin bidaian» lanarekin biran dabil Apaolaza eta bi obrek nolabaiteko antzekotasuna dutela esan zuen. «Biek dute zahartzaroa, heriotza... Eta bi ikuskizunetan antzeko zerbait gertatzen da. Musikari bat dago alter egoarena egiten duena. `Aitarekin Bidaian'-en, nire aitaren alter egoa Jabier Muguruzak akordeoiarekin irudikatzen zuen eta hementxe dago Alain ere saxoarekin, nire iragana irudikatzen». Izan ere, hiru aktoreek Alain Sancho saxo-jotzailea izango dute taula gainean lagun.

Poetikoa eta sinbolikoa

Obraren ezaugarri esanguratsuenetako bat, Monterok erabili duen hizkera poetikoa da, honek berekin dakartzan zailtasun guztiekin; bai eszenaratzeko, baita aktoreek ikasteko ere. «Ukondoetara begiratu besterik ez dago... ikasi, ikasi eta ikasi», esan zuen Apaolazak. Beitiaren ustez, zailtasuna ez da luzera kontua izan, «oso poetiko eta sinbolikoa delako kostatu zaigu, gehienbat. Esaldien osaketa askotan alderantzizkoa da, hitzen ordena aldatzen da... Baina, hain da poetikoa! Kostatzen zaiguna hori guztia modu naturalean adieraztea da, gorputzak normalean ez baitu laguntzen».

Goikoetxearen ustez, aldiz, «guztia bere horretan metafora bat dela esan daiteke. Irakurtzen duzunean ematen du ezinezkoa dela honen muntaia egitea. Baina, taula gainean ikusten duzunean, eraman egiten zaitu, bidaiatzen laguntzen dizu, baita musikak ere, pertsonaia bat gehiago bailitzan jokatzen baitu».

Kubo moduko espazio batean gertatzen da ekintza osoa. «Oso aseptikoa da lekua, plastikozkoa, negutegi baten modukoa, edozein gauza izan daitekeena: kartzela, logela bat... Argia eta soinuak erabilita, atmosfera ezberdinak sor ditzakezu», azaldu zuen Cancelok. «Itxia izanik, publikoarengan sentsazio hori bilatzen dugu: agertokiarekin testuarekin lor ditzakezun emozio berak sortzea, bidaia ez dadin testu soila izan».

Hala ere, soiltasunaren alde egin zuen Goikoetxeak. «Batzuetan, hain testu ederrekin, ez duzu ezer egin behar. Aktoreek hanka sartu ohi dugu testu bat berez ez den beste zerbaitetan bihurtzen saiatzen garenean. Baina testua bera, bada, eta ni jendeari hau helarazteko erreminta moduan sentitzen naiz».

Kaletik antzokira emandako jauzia, Hortzmugak berezko duen berrikuntzarako grinaren ondorio dela esan zuen obraren zuzendariak. «21 urte daramatzagu aldaketan. Egiten dugun guztian saiatzen gara zerbait gehiago topatzen. Haurrentzako `Superplast' batean edo `La espera' lanean, planteamendua berdina da, nahiz eta gero tonuak eta formatuak aldatu». «Arriskua maite dugu», gaineratu zuen Goikoetxeak.

ITXARONALDIA

Hamabost urtez preso egon eta kalera ateratzear den emakume bat eta hilzorian dagoen musikari bat dira «La espera» laneko protagonistak.

TESTU POETIKOA

Josu Monterok idatzi du testua, hizkera poetikoz osatua eta Michael Azamaren «La esclusa» eta Enzo Cormannen «Mingus Cuernavaca» lanetan oinarrituta.

BILBO ETA GASTEIZ

Urriaren 7an egingo dute estreinaldia Bilboko BBK aretoan eta hilaren 10era bitartean egongo dira bertan. Hurrengo emanaldia Gasteizen egingo dute, Hegoalde gizarte etxean, azaroaren 18an.

LAU ATAL

«Zwei frauen» egitasmoan, literatura bera eta bikote-bizitza hartuko ditu gai nagusitzat, eta lau zati izango ditu lanak, lau «imitazio», egileak dioenez, bakoitzean idazle baten eragina edo itzala sumatuko baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo