Joxean Agirrek irabazi du Augustin Zubikarai saria, «Zwei frauen» lanagatik
Idazle eta kazetari azpeitiarrak literatura bera eta bikote-bizitza hartu ditu gai nagusitzat «Zwei frauen» saritutako lanean. Aurrerantzean, urtebeteko epea du bere egitasmoa ondu eta biribiltzeko.
GARA | DONOSTIA
Joxean Agirre idazle eta kazetariaren proiektu batek irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Aurreko bederatzi urteetan nobela laburrentzako lehiaketa izan dena, 2010etik aurrera formatuz aldatu eta eleberriak sortzeko beka bihurtu da. Lehen deialdian, Elkar argitaletxeak jakinarazi zuenez, bederatzi lan aurkeztu dira eta, horien artean, Agirreren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osatutako epaimahaiak.
«Zwei frauen» (Bi emakume) du behin-behineko izena Joxean Agirreren proiektuak. Bertan, literatura bera eta bikote-bizitza hartuko ditu gai nagusitzat, eta lau zati izango ditu lanak, lau «imitazio», egileak dioenez, bakoitzean idazle baten eragina edo itzala sumatuko baita: Bertrand Morane, Dostoievski, Robert Walser eta Mario Levrero hirugarrenean, eta Max Frisch azkenik. Izan ere, Agirreren aburuz, literatura «ez da orri zuri baten gainean sortzen den zerbait»; «beti jarraitu ohi da kanonen bat, beti izan ohi da gustuko duzun idazleren baten kutsua norberaren testuetan». Horrela, aipatutako idazleengan oinarritu da azpeitiarra «entsegu kutsua» izango duen eleberria aurkezteko. Idazleez gain, ordea, beste «obsesio klaustrofobiko» bat ere izango du oinarri bere lanak; bikoteen arteko harremana. «Bikote harreman batek sortzen dituen beldurrak eta izuak ere biltzen ditut eta hortik dator apur bat `Zwei frauen' izenburua, bigamiari ere erreferentzia egiten baitiot zenbait momentutan», esan zuen.
Hala, bata bestearengandik independenteak izango diren lau historia bilduko ditu Agirrek lan berrian, aurreko lanetan erabilitako estiloetatik apur bat urrunduko delarik.
Lana irabazle jotzeko orduan, epaimahaiak nabarmendu du, batetik, «proiektuaren interesa eta balio intelektuala» eta, bestetik, «aurkeztutako laginaren idazkera malgu eta sugerentea, umorea eta sentsualtasuna uztartzen dituena».
Urtebete izango du aurrerantzean egile sarituak bere asmoa biribiltzeko, eta 2011ko urte hondarrean kaleratuko du Elkarrek lan amaitua. Bestalde, Ondarroako Udalak eta argitaletxeak berak martxan dute dagoeneko Augustin Zubikarai sari horren hurrengo deialdia, eta 2011ko irailaren 1a arte aurkeztu ahal izango dira nobela proiektuak Ondarroako udaletxean.
Joxean Agirre 1949an jaio zen Azpeitian eta Zarautzen bizi da gaur egun. Soziologoa da ikasketaz eta kazetaria lanbidez, GARA egunkarian jarduna, beste askoren artean, kultur gaiak landuz nagusiki. Literaturan, obra labur baina guztiz estimatua osatu du azken bi hamarkadetan idatzitako eleberriekin: «Gizon bat bilutsik pasiloan barrena», «Elgeta», «Romain zen bere izena» eta «La lutte finale».