Agerre Teatroak «Nork ikusi du Dultzinea?» ikuskizun berria estreinatuko du Villabonan
GARA | DONOSTIA
FITICH-Versión Invierno Txileko jaialdian «¡Puta vieja alcahueta Celestina!» oholtzaratu eta haurrekin batera egitasmo bat gauzatu ondoren, Maite Agirrek urriaren 3an Villabonako Gurea Antzokian haurrentzako lan berria estreinatuko du. Azken boladan, Agerre Teatroaren antzerkian agertu diren elementu komunak izanik -hala nola Urrezko Mendeko antzerkia edota On Kixote, Teresa Panza eta Doltza bezalako pertsonaiak berreskuratuz- Miguel de Cervantesen liburuaren pasarterik esanguratsuenak islatzen ditu antzezlan honek, nahiz eta Agirreren esanetan «obra honen ikuspegi zabala ematea baino, irakurzaletazuna bultzatzea» duen helburu eta «haurrei liburuekin gauza asko egin daitezkeela adieraztea. Liburuekin zaila dena aspertzea da».
Maite Agirrek idatzia, Agerre Teatroaren ohiko lankideak biltzen ditu, besteak beste, Ainhoa Pineda, David Azurza Kontratenorea, Amaia Corral txalapartaria eta Ines Martinez de Iturrate txotxongilo-antzezle eta musikaria. On Kixoteren istorioa oinarri dutela, haurren partaidetza bultzatzea dute xede, ikuskizuna bat-batekotasunari eta jolasari zabalik dagoen heinean. Hala bada, haurrak koru bateko kide bilakatu, txalaparta jo edota txotxongiloekin jolastuko dira, konpainia donostiarraren «Haur Kabareta» (Max Saria 2008) aurreko ikuskizunean gertatzen zen bezala.
«Zoroek, haurrek bezala, helduen begietatik at gelditzen direnak ikusteko gai dira. Zergatik ote? Helduok inora ere ez dugulako begiratzen, korrika eta presaka gabiltzalako, eta ikusteko, begiratu egin behar delako», dio antzezlanak Pomelo pertsonaiaren bitartez. Izan ere, haurrak antzokira eramatea baino, eurekin hara joateko esperientzia bultzatu nahi du Agerre Teatroak, helduei ere keinu eginez.