GARA > Idatzia > Euskal Herria

Atarrabian gaur ekingo diete astebeteko jaiei

Gaur hasiko dituzte Atarrabian astebete iraungo duten jaiak. Aurrekontu murrizketa nabaria da aurtengoan, bi egun kendu baitituzte. Hala ere, irrikaz daude herrian jaiei ekiteko.

p022_f02.jpg

GARA

Gogotsu hasiko dituzte jaiak gaur Atarrabian. Aurtengoan ez dituzte iazko arazoak izan txupinazoa nork jaurtiko duen erabakitzeko, joan den urtean ANVk, herriko hirugarren indar politikoak, zuen suziria jaurtitzeko ardura, baina azken unera arte ezin izan zuten ziur jakin, afera larriak saihesteko. David Bizkai ANVko zinegotziaren ustetan, aurtengoan argi ikusten da ezberdintasuna; «PSNri dagokio eta inork ez du ezer esan», eta eurek ere, erabaki demokratikoa denez, ez dutela deus esango adierazi zuen. Alta, ikurrinaren falta salatuko dute. Udaletxeko balkoian urtero jarri ohi dute, baina behin suziria botata kendu egiten dute, beraz, urtero bezala, txupinazora ikurrinarekin joatera deitu dituzte herritarrak.

Ia astebete luze iraungo dute herriko festek. Hala ere, asteko bi egun kendu dituzte aurrekontu murrizketa dela medio, asteazkena eta osteguna hain zuzen. Honen inguruan herri eztabaida egin beharko litzatekeela adierazi du David Bizkaik, aurrekontu txikiagoa izanik, «zer kendu, zer mantendu edota zer aldatu denon artean erabaki beharko litzatekeelako». Dena den, ez dute ekintza falta sumatuko, egitarau ofizialaz gain, bai txosnetako kideek, baita jai batzordeak ere, jarduera mordoa prestatu dituzte inor asper ez dadin. Programa ofizialerako aurrekontua 100.000 eurokoa da.

12.00etan botako dute txupinazoa, eta gero Euskal Preso Politikoen aldeko brindisa egingo dute.

Bestalde, atzo ehunka pertsonak hartu zuten parte arratsaldeko zazpietan udal plazatik hasita «Udalbiltza aske! Gu Txemarekin» lelopean egin zen manifestaldian. Udalbiltzaren eta Atarrabiako auzokide eta zinegotzi ohi Txema Juradoren alde errugabetasuna aldarrikatu zuten. Herriko hainbat zinegotzi eta zinegotzi ohik sinatu zuten deialdia.

Gaur, suziria bota ostean, kartel lehiaketaren sari banaketa egingo dute, eta jarraian udaletxeko plazatik kalejira irtengo da, txistulari, gaitari eta kiliki eta erraldoi konpartsarekin batera. Horren ondoren eta bazkaldu baino lehen, Mikelats taldearen eskutik dantzaldia izango da eta Ekialdeko dantzen ikuskizuna ere bai.

Arratsalderako, udaletxeko plazan, Zurgai taldearekin herri kirolak izango dira, eta gero plaza horretatik irtenda, Txorongo txarangarekin kalejiran ibiliko dira herriko karriketan barrena, baita kilikien konpartsarekin ere. Eguna amaitzeko eta gaueko dantzaldiaren aurretik, Emakumezkoen Zilarrezko Ohorezko Mailako eskubaloi partidua ikusteko aukera izango da Indurain Anaiak kiroldegian.

Bestetik, hainbat kolektibok programa herrikoi eta aldarrikatzailea osatu dute. Gaurko ekitaldi hauek prestatu dituzte: bazkari intsumitua, entzierro txikia, elektrotxarangaren saioa eta haurrentzako ikuskizuna.

Datozen egunetan

Hurrengo egunetan ere ekintza ugari izango dira herrian. Atarrabiarrentzat egun bereziena edota herrikoiena asteartea izan ohi da. Saiheski jatea antolatzen dute urtero eta jada ohitura bilakatu da herritarrentzat. Ribed parkean antolatzen dute eta egun ona irteten denean, mila pertsona inguru elkartu ohi dira. Nork bere bazkaria eramaten du eta Udalak erretokia uzten du. Aipatzekoa da urtero Udalak freskagarriak eta ardoa dohainik eskaini dituen arren, aurtengoan eta aurrekontu murrizketa dela-eta ez dela horrelakorik izango. Hala ere, herrian egun hori iristeko gogotsu daude. Bigarren igandean egin ohi den Alardea ere berezia da herritarrentzat.

Biharkoa goizeko Dianak estreinatuko du. Goizean txirrindulari lasterketa izango da. Astelehenean iritsiko zaie txanda haurrei, goizean goiz Nafarroako Gorteak plazan haurrentzako parkea jarriko baitute, kiliki eta erraldoien konpartsa ere kalejiran ibiliko da goiz osoan txarangarekin batera.

Kolektibo ezberdinek antolaturik, bihar haurrentzako tailerrak izango dira. Astelehenean txistorra jatea egingo dute txosnetan, 19.30ean eta, horren ondotik, abesbatzaren elkartetik, poteoa. Gau partean frontoian play back saioa, karaokea eta mozorro lehiaketa egingo dute. Asteartean kontzertu sorpresak izango dira. Gainera, egunero, 19.00etan, dantzaldia izango da txistulariekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo