KWD, Movinord eta Dana-ko 194 kaleratzeak onar ez ditzan exijitu diote Sanzen Gobernuari
A.Z. | IRUÑEA
LAB sindikatuak deituta manifestazioa egin zuten atzo Iruñean, KWD, Movinord eta Dana enpresetan 194 langile kaleratu nahi dituztela salatzeko. Era berean, Nafarroako Gobernuak lana erregulatzeko txostenak onartuz eta «kaleratze indibidualak onetsiz» enpresarien «iruzurra» ahalbidetzen duela kritikatu zuen LABek. Izan ere, lanpostuak suntsitu ostean, enpresariek Aldi Baterako Laneko Enpresen nahiz azpikontraten bidez langileak baldintza prekarioetan kontratatzen ari direla gaitzetsi zuen.
Hain justu, politikariek «krisitik ateratzen» ari garela dioten bitartean, Nafarroan enpresariek ia 200 lanpostu suntsitu nahi dituztela azaldu zuen LABek. Batetik, VW-Navarra enpresak Nafarroan «nahi duena» egiten duela salatu zuen. VWrentzat lan egiten duten Sysmo, Logex nahiz Lapurbide-n egin bezala, orain KWD enpresan lanpostuak suntsitu nahi dituela adierazi zuen, 33 hain zuzen ere. Arazo ekonomikorik ez duela eta kaleratzeen zergatia «dirua aurrezteko» ekoizpena Iruñetik Bartzelonara eramateko nahia dela kritikatu zuen LABek. «Noiz kenduko dio Nafarroako Gobernuak alfonbra gorria VWri?», galdetu zuen.
Dana enpresak, berriz, 112 langile kaleratzeko txostena aurkeztu du, 2008an 71 langile kaleratu ostean. «Gobernuak badaki txostena onartuz gero, lantegia ixteko bidean jarriko duela», ohartarazi zuen LABek. Azkenik, Movinord enpresan 49 langile kaleratu nahi dituzte.
Horregatik guztiagatik, besteak beste, kaleratze gehiago onar ez ditzan exijitu zioten Nafarroako Gobernuari.