Aizkora
Nazabalek txapelak pilatzen jarraitzeko aukera dauka
J.L.
Floren Nazabalek txapelak pilatzen jarraitzeko beste aukera bat izango du bihar, 13.00etatik aurrera Etxarri Aranatzen, Nafarroako Lehen Mailako finalean.
Etxarrikoak aise irabazi zuen joan den astean jokatu zen kanporaketa, eta zaila dirudi, berari zerbait gertatu ezean, bihar txapela galtzea. Dena dela, ez da ahaztu behar, gerriko arazoak medio, Urrezko Kopak ihes egin ziola, baina orain nahiko ongi dago, eta horrelakorik berriro gertatzeak ia ezinezkoa dirudi.
Nazabalekin batera, Lopez, Senosiaian I.a, Donato Larretxea eta Ohian Larretxea lehiatuko dira. Kanporaketan bezalaxe, finalean ere larretxeatar aita-semeak elkarren aurka arituko dira. Azkeneko aldian, eta badira urte batzuk, mindegiatarrak izan ziren, Miel eta Patxi.
Ohianek aurten lehenengo urtea du maila nagusian, iaz Bigarren Mailatik igo ostean, eta finalean sartzeko modua egin du. Donatori sekulako ilusioa egingo dio, semea aizkolaria izateak dagoeneko egiten bazion, orain berarekin maila nagusiko finalean izateak izugarrizkoa egingo dio. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, beste horrenbeste 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu.
Gazteak
Bihar eguerdian, 12.00- etatik aurrera, Murgian aizkolari gazteen torneoa antolatu du Egur Sport enpresak. Bertan Eneko eta Ruben Saralegi, Olano, Vazquez, Irazabal, Jauregi eta Kortxero neurtuko dira.
Saio ezberdinak egin beharko dituzte, eta beti ere laburrak izango dira. Kanporaketak eginez joango dira, eta azkeneko biak finala jokatuko dute.
Ruben Saralegi eta Arkaitz Olano dira faboritoak, baina lantegi hauetan Irazabal eta Jauregi ere bikain moldatzen dira. Lanak laburrak izango direnez, edonork irabaz dezake, deskuidu txikiak nahikoak baitira dena galtzeko, eta kanpora joateko.