GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea Euskal Herriko finala

Irigoienek aginte-makila atera nahi du berriro ere

Errezildarra da txapela janzteko faborito nagusia. Berarekin batera, Izeta IV.a eta Ostolatza ere arituko dira bihar arratsaldean, Anizko pilotalekuan.

p045_f01.jpg

Jon LEUNDA

Aimar Irigoien da Euskal Herriko harri txikien txapela janzteko faborito nagusia. Finala bihar arratsaldean jokatuko da, 18.00etatik aurrera Anizko pilotalekuan.

Errezildarrarekin batera, Joseba Ostolatza eta Izeta IV.a arituko dira. Izeta III.a ere aritzekoa zen, baina azkenean ez du jardungo. Kirolari bakoitzak 125 kiloko errektangularra, pisu bereko zilindro kopa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100eko bola erabili beharko ditu. Bakoitzarekin lanean aritzeko hiru minutuko txandak izango dituzte.

Aimar Irigoien da egungo txapelduna, eta berari zerbait gertatu ezean, zaila dirudi berak txapela galtzea. Joaten den leku guztietan maila handia ematen du, eta bihar ere ez du gutxiago egin nahiko.

Joseba Ostolatza da bere aurkari nagusia. Zestoarrak uda ona osatu du, eta saiatuko da errezildarra estu hartzen, nahiz eta jakin hori gauzatzea ez duela lan samurra izango. Bigarren postua ziurtatu eta lan ona bat egitea izango da bere helburua, beti ere lehen postua ere hor dagoela ahaztu gabe.

Izeta IV.ak ez du lan samurra izango. Bi handi ditu aurretik, eta horiek gainditzea ez du batere erraza izango. Hori berak badaki, eta galtzeko ezer ez duela eta irabazteko askorekin plazaratuko da Anizen.

Biharkoa, ordea, ez da izango harri-jasotzeak izango duen ekitaldi bakarra. Marka saiakerak egiteko ere tenore ona izaten da hau, eta horretan ahaleginduko da gaur 18.30etatik aurrera Urdax Magunazelaia Oñatin.

Bizkaitarrak 13 urte bete berri ditu, eta 140 kiloko harri errektangularra bizkar gainean berdintzen saiatuko da. Horretarako, bost minutuko txanda bat izango du, eta harria jaso gabe geratuko denik inork gutxik uste du.

Oso gaztea den arren, sekulako maila ematen ari da, eta orain arte egin dituen markak eta bere hobekuntza etengabea kontuan hartuta, laster harri-jasotzaile handi baten aurrean izango garela ez dago dudarik.

Orga eta ingudea

Txapelketaz josita dator asteburua, eta bihar beste bi final ere jokatuko dira. Horiek Aizarnazabalen izango dira 18.00etatik aurrera. Bertan Euskal Herriko orga-jokoko eta ingude-altxatzeko finalak izango dira.

Orga-jokoan, Fernandez de Retana, Pujana, Ardeo, Lapazaran, Urresti, Larzabal, Cassuso, Urtiaga eta Petrirena izango dira. Faboritoak bat baino gehiago agertzen dira, baina jokatu berri den Zazpi Herrialdeetako Txapelketa kontuan hartuz gero, Cassuso lapurtarra izan daiteke faborito nagusia. Hala ere, iazko finalean bigarren postuan geratu zen Urrestiren atzetik, eta bera ere oso kontuan hartu beharko da.

Ingude-altxatzeko Euskal Herriko finalak hartuko du orgaren lekukoa, eta han, U.Ardeo, I.Ardeo, Sanchez, Amate, Lapazaran, Aioroa eta Irizar arituko dira. Kirol honetan errege izan da Joxe Lapazaran, eta Larruskaingoaren asmoa aurtengoan ere txapelari eustea da. Bera aterako da garaipena lortzeko faborito nagusi. 18 kiloko ingudearekin minutu eta erdi izango dute lanerako.

Trontza

Gaur, Igantzin, 18.00etatik aurrera Euskal Herriko trontzalarien finala jokatuko da. Bertan, Barberena anaiak, Rezabal-Roteta, Lasaga-Galarregi, Pikabea-Morrondo, Iraola-Garmendia eta Lopez-Velez de Mendizabal lehiatuko dira.

Bikote bakoitzak, 60 ontzako enborrari 10 epai eman beharko dizkio etzanda, eta kana-erdikoari sei enborra zutik jarrita eta beste horrenbeste enborra etzanda jarrita. Aurten Esnaola anaiak falta dira, eta Barberena anaiak dira faborito nagusiak, baina Rezabal-Roteta bazterrean utzi gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo