GARA > Idatzia > Kultura

Aldeko eta kontrako hausnarketak, Donostiaren hautagaitzari begira

Ostegunean jakinarazi zuten Madrilen Donostiak 2016ko Kultura Hiriburu izateko hautagai izaten jarraitzen duela, beste sei hiriburu espainolekin batera. Helburua «posible eta benetakoa» dela nabarmendu zuen atzo Odon Elorza alkateak. Ezker abertzalearentzat, ordea, kanpainak «ez du justifikazio argirik», «benetako helburua kanpaina bera» baita.

p048_f01_199x112.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Donostiak 2016ko Kultura Hiriburu bilakatzeko hautagai izaten jarraitzen du. Hala erabaki zuen epaimahaiak joan den ostegunean Madrilen, eta bederatzi hilabeteren buruan jakingo da azken hautua zein den. Donostiak, beste bost hiriburu espainolekin -Burgos, Segovia, Las Palmas, Kordoba eta Zaragoza- lehiatu beharko du helburua lortzeko.

Udal ordezkaritza eta Lakuako Gobernuko eta Gipuzkoako Aldundiko partaideak bildu ziren atzo Victoria Eugenia antzokian aurrerantzean izango diren helburuez hitz egiteko. Blanca Urgell Kultura sailburuaren irudiko, «aurrerantzean egingo diren lan guztietan egiazkotasuna egotea ezinbestekoa izango da, hots, gure kulturaren aldeko lana benetan egin nahi dugula agertu behar da». Maria Jesus Aranburu Kultura diputatuak, bestalde, «narratibatik ekintzetara» igarotzeko ordua dela nabarmendu zuen, Odon Elorzari hitza eman aurretik. Lortutakoarekin pozik agertu zen alkatea eta, «orain arte ametsa izan dena, aurrerantzean helburu posible eta erreala» bilakatuko dela ohartarazi zuen dozenaka lagunek betetako aretoan. 2011ko uztaila «data historikoa» izango omen da, «gure gizartearentzat eraldatzailea izango den egitasmoa baitugu esku artean». Udalaren eta instituzioen poza ez du, ordea, era berean ageri Donostiako ezker abertzaleak. Ohar batean igorritako hiru iritzi artikulutan irakur daitekeenez, «Donostiako Udala, oposizio eta guzti, 2016. urteari begirako kanpaina propagandistiko itzela sustatzen ari da», «oinarri sendo, justifikazio eta helburu argirik gabekoa», beraien ustez, «kanpaina bera baita» helburu nagusia. «Hau da, eguneroko jardunetik jendartearen arreta desbideratu, gauza fiktizioetan pentsatzen jarri eta mezu aurrerakoi eta politen bitartez Udalaren aurpegi zuritzea egin eta kudeaketa okerra ezkutatzea». Horrela, «Udala kanpoan uso eta etxean otso» dabilela nabarmendu zuen ezker abertzaleak.

Egitasmo honen xedeetako bat «hiri eredu jakin bat sustatzea da. Hiri eredu bat zeinak bere erdigunea atzerritarrentzako kultur plaza bilakatzea izango duen helburu, horretarako mundu mailako eliteko kultur eskaintza sustatuz eta eredu honek beharrezkoak izango dituen azpiegitura guztiak justifikatuz (AHTren sarrera, Tabakalera, Topoaren Kontxako zatia, Monpaseko pasarela, luxuzko hotel gehiago, eta beste hainbat egitasmo faraoniko)».

Iruñea izan zen, bestalde, hautagaitza galdu zuen hiriburua. Yolanda Barcina alkateak beren hautagaitza «egitasmo handia» dela defendatu zuen atzo, zeinak «kulturaren arloan lan egiteko bide berriak ireki dituen», nahiz eta lehiatik kanpo geratzeak «garapen horren erritmoa gutxiagotu egingo duen». «Oso gustura geratu ginen egindako lanarekin, eta froga gaindituko genuela uste genuen, baina azkenean lehiarako lekurik gabe geratu ginen», adierazi zuen Barcinak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo