Guggenheimek Jacques Lipchitzen bi marrazki jaso ditu dohaintzan
GARA | BILBO
Bilboko Guggenheim Museoak Jacques Lipchitz, Lituanian jaiotako artista frantziarraren bi marrazki jaso ditu dohaintzan. Marrazkiok «Azken besarkada (Salvataggio) III gaiaren bariazioa, 1970-72», igeltsuzko lana prestatzeko egin zituen Lipchitzek, eta Bilboko museoaren bilduman sartu dira Jacques & Yulla Lipchitz fundazioaren dohaintzari esker.
Marrazkiek gorputz biren besarkada jasotzen dute. Gai hori bere ibilbide guztian zehar landu zuen Lipchitzek eta «Herriaren gobernua» eskulturarako maketan (Working model for Government of the People, 1967) ere ikus daiteke; museoak otsailean jaso zuen lan horixe dohaintzan. Orain arte ez da Guggenheim Bildumetan Jacques Lipchitzen marrazkirik izan. Irudiok bere lanak diseinatzeko erabiltzen zuen metodoaren adierazle bikainak dira. Eskulturen diseinua eta xehetasunak, argia eta haren islak aztertzen ditu.