GARA > Idatzia > Kultura

Asel Luzarraga idazle eta musikaria etxean da Txiletik bueltan

p049_f02_88x80.jpg

GARA | BILBO

Asel Luzarraga idazle eta musikari bermeotarra etxean dago jada. Hala adierazi zuen atzo bere aldeko Asel Aske! plataformak. «Gure kide, lagun eta senitarteko Asel Luzarraga Euskal Herrian da, zehatzago esateko, Mundakan. Atsedena eta ez molestatzea besterik ez du nahi orain, azken hilabete luze hauetan zehar gertatutako guztiaren ostean, errespetagarria», azaldu zuten aselaskatu.org atarian.

Bidaia luzearen ondoren, goizean iritsi zen atzo Luzarraga Mundakara, 10.15ean. «Ez daukagu albiste gehiegirik eskaintzeko, guk ere ez baitugu molestatu nahi», adierazi zuten plataformatik. «Esan dezakeguna da egoera ezin hobean aurkitzen dela eta zoriontsu dagoela gure artean egoteagatik. Egun gutxiren buruan Aselek berak kontatuko digu jakin nahi dugun guztia».

Helegitea

Luzarraga irailaren hasieran kondenatu zuen Temucoko (Maputxeen eremua; Txileko Gobernuaren agintepekoa) epaitegiak, lehergailuak egiteko piezak, zatiak eta elementuak edukitzea leporatuta. 220 eguneko espetxe zigorra ezarri zioten, baina ez zuten kartzelatu, aurrez espetxean zein etxean beteta baitzeukan atxiloaldia.

Bermeotarrak bere aurkako epaiketaren kontrako helegitea jarri zuen, ordea, duela astebete, eta idazlearen abokatu Jaime Madariagak errekurtsoa jarriko du helegitea onartzen ez bada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo