Nobelatik ipuinera jauzi egin du Ur Apalategik «Fikzioaren izterrak» bildumarekin
A.K. | DONOSTIA
Orain hamabost urte kaleratu zuen bere lehenengo alea Ur Apalategik (Paris, 1972); Maiatz argitaletxearekin, «Erdi Guneak» poesia liburua plazaratu zuen. Ordutik hona, ordea, nobelagintzan aritu izan da eta «Gauak eta Hiriak» (Elkar) eta «Gure Gauzak S.A.» (Utriusque Vasconiae) izan dira bere lanaren fruitu. Nobelagile izan da, bere hitzetan, «erlijiosoki», bere burmuina «eleberrirako programatuta» zegoela uste baitzuen.
Seme-alaben etorrerak, aitzitik, «denbora hobeto kudeatzeko» beharra eskatzen duela aitortu zuen atzo, eta ipuinak hobeto moldatzen omen dira kudeaketa horretara. Beraz, nobelagintzatik ipuingintzara jauzi egin du Apalategik, eta «Fikzioaren izterrak» zazpi kontakizunetako bilduma da horren erakusgarri.
Eleberri bat idaztea sinfonia bat sortzea bezalakoa dela nabarmendu zuen eta, ipuin bildumarekin, «kantuz osaturiko LPa» sortu du. Eta LP horrekin iritsi da «trilogia baten amaierara», aurreko bi liburuetan bezala, oraingo honetan ere idazlearen figura baita nagusi. Idazlea, bai eta gizakien arteko harremanak ere, edo bikote artekoak, bederen.
Fikzioaren fikzioa
«Denok gara fikzio kontsumitzaile eta fikzio sortzaile», nabarmendu zuen. Izan ere, «fikzioaren pantaila tarteko, egiten diogu aurre errealitateari eta horri esker bakarrik gara gai mundu errealari aurre egiteko», esan zuen.
Horrela, fikzioa bera asperdura eta frustrazioa gainditzeko pantaila litzateke, eta pantaila horretatik begira jarri da Apalategi bere bilduma osatzeko orduan. Maitasuna, erlijioa eta nazioa bezalako fikzio «konpartitu zein inposatuak» hartu ditu ardatz. Liburuan, fikzio horien fikzioa egiten du, beti ere literaturaren eta idazletzaren ikuspegia kontuan izanda.