GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bota bostekoa Boxtoni eta Gipuzkoako ikastolen jaiari

Pasaia-Lezo Lizeoak urte osoan egindako lanaren fruituak jasoko ditu gaur Kilometroak 2010ean. Eguerdian jakinaraziko dute zein ikastolak hartuko duen datorren urterako lekukoa, baina, bitartean eta arratsaldeko zazpiak arte, primeran pasatzeko aukera ugari eskainiko dituzte Lezon barrena prestatutako ibilbidearen bost guneek.
p022_f0179157.jpg

Nagore BELASTEGI |

Pasaia-Lezoko ikastola 50 urteotan ibili da haurrak euskaraz hezten, eta ordutik milaka pauso eman ditu aurrera jarraitzeko eta gero eta eskaintza osoagoa zabaltzeko. 1997an ikastola honek izan zuen Kilometroak prestatzeko ardura, bi herrien arteko elkarlanean. Oraingo honetan, ordea, Lezon ikastola eraikitzen ari dira eta berak bakarrik hartu du Gipuzkoako ikastolen jaia prestatzeko erronka.

Bost da zenbaki magikoa, bost helburu dituztelako, Pasaiako lau barrutiek eta Lezok osatzen dutelako Pasaia-Lezo Lizeoa eta bost hamarkada bete dituztelako. Bost kolorez lotu dituzte ideia horiek guztiak, eta hortik jaio da Boxton, euren ikur berezi eta bizia.

Kilometroak jaia Gipuzkoako ikastolen aldeko dirua lortzeko modu bat da, betiere ondo pasatuz, baina helburu ekonomikoez gain garrantzitsuagoak diren beste batzuk ere izaten dira jaia antolatu nahia izatearen atzean.

Lezon ikastola berria eraikitzeko ilusioarekin hartu zuten Donostiak iaz utzitako lekukoa, baina haurren hezkuntza hobetzearen, euskara bultzatzearen, euskal kultura ezagutzera ematearen eta Euskal Herriko eskola propioa izatearen alde ere borrokatuko dira gaur, bertaratzen diren euskaltzale guztiekin batera. Hauek dira Kilometroak 2010 ospatzeko bost arrazoiak, eta horietatik hain juxtu ere sortu da aurtengo leloa, «Hona bostekoa!», helburu boskoitza ona dela deritzotelako.

Kontzertuak nonahi

Euskarari bultzada emateko joaten da jendea Kilometroak jaietara, baina euskal giroan igande zoragarriak pasatzeko aukera ematen dutelako ere oso erakargarriak izaten dira.

Aurtengo ibilbidea, nola ez, bost gunez osatuta dago. Nahiz eta Pasaia-Lezo Lizeoak antolatzen duen jaia, Lezoko ikastola eraikitzeko erabiliko dutenez dirua, gune guztiak Lezon kokatu dituzte.

Arraintoki-Saldise plaza izango da lehenengo gunea. Bertatik, Altamirako aldapatik gora igaroz bigarren gunera iritsiko da zirkuitua, Darietara. Ondoren Amunttene etorriko da eta jarraian Urrullo. Azkeneko gunea Algeposa izango da, eta berriro lehenengo gunera itzuliz itxiko da ibilbidea.

Ohi bezala, haurrentzako jarduera ugari izango dira bost guneetan zehar, adibidez, Korri, Xalto eta Brinko eta Hipo eta Tomax pailazoek, Txan magoak edo Betizu taldeak emanaldia eskainiko dute.

Musikazaleek ere ibilbide osoan zehar gogotsu ibiltzeko aitzakia ugari izango dituzte, bost guneetan kontzertuak izango baitira. Arrabots, Anje Duhalde, Gozategi, UK Bill, Deskontrol, Ze esatek, Gose, Kupela, Hogeihatz Proiekt, Xagerne, Betagarri edo Esne Beltza taldeak izango dira bihar Lezon, besteren artean.

Kilometroak 2010eko antolatzaileek Lezora jende asko inguratzea espero dute. Garraio publikoa erabiltzea gomendatzen dute, naturari mesede egiteaz gain, erosoagoa ere izan daitekeelako. Lezo oso ondo komunikatuta dago, eta gainera Renfek, Euskotrenek eta autobusek zerbitzu berezia eskainiko dute. Antolatzaileen argibideen arabera, garraio publikoen geralekuak zirkuitutik gertu izango dira, eta horretaz baliatzeko eskatzen dute.

Halere, autoz joateko asmoa duenak ez du arazorik izango, egongo da-eta aparkatzeko tokia. Irun aldetik bertaratzen direnek autoa Sagasti industrialdean utzi beharko dute. Donostialdetik doazenek, ordea, Pasaiako portuan topatuko dute lekua.

Paisaia ederrak

Ibilbideak sei kilometro izango ditu eta oso-osorik asfaltatutako errepidetik joango da. Ibilbide osoa erraz egiteko modukoa da, eta aldapa bakarra baino ez du. Hura igota, Jaizkibelek eskaintzen dituen paraje ederrak ikusi ahal izango dira.

Txiki geratu zaie

Pasaia-Lezo Lizeoan 1.200 ikasle inguru dira, bi urtekoetatik hasi eta Batxilergokoetaraino, eta lekua txiki geratu zaie. Bestalde, ikastolak Lezon bertan eraikinik ez duenez, etxe berria bertan egingo dute, txikiek herrian bertan ikas dezaten.

Erraz gogoratzeko doinua eta dantza eragiteko erritmoa

Aurtengo Kilometroak jaiak badu ikur bizi eta jatorra, Boxton, eta horrez gain, musika alai eta gogoraerraza ere bai. Hitzen argitasunari eta doinu politari esker, udan zehar, irratian eta tabernetan, sarri entzun dugu Esne Beltzak abesten duen abestia, eta aski ezaguna egin da.

Baina «Hona bostekoa!» kanta ez da entzuna izateko bakarrik sortu. Erritmo bizkor eta alaia du eta guztiz dantzagarria da. Hori kontuan hartuta, Gotzon Poza koreografoak pauso sorta bat moldatu du doinu hori dantzatzeko. Dagoeneko askok eta askok ikasia dute dantza, eta ziurrenik, gaur abestia entzuten den bakoitzean jende ugari hasiko da dantzan, aurrez ez zekitenek ere ikasteko moduan.

Abestia ekainean aurkeztu zuten Telmo Esnalek eta Asier Altunak grabatutako bideoklipa, partiturak eta playbacka duen CD-Romarekin batera. Honela baliabide didaktiko gisa erabiltzeko xedea dute, nahi duenak etxean edo musika eskoletan kanta abesten eta jotzen ikas dezakeelako. Partiturak Esne Beltza taldeko kideak, Jon Elizaldek, moldatu ditu eta inprimagarriak dira, edonork eskuetan izateko. CD-Roma ez duenak ere ikas dezake abestia, www.kilometroak.com webgunean baitaude bai hitzak, bai partitura. N.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo