GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

Nazioarteko eta etxeko sukaldariak

Noiz ohartuko zarete euskaldunok Espainia munduko zortzigarren potentzia dela eta Euskal Herriari inoiz ez diola independentziarik aitortuko?». Galdera hori, garrasi eta kolpe artean, hamaika aldiz egin zidaten Madrilen Guardia Zibilaren atzaparretan igaro nituen hiru egunetan.

Euskal Herriaren ahotsa kanpora eramaten eta mundu zabalean dauden herri borrokaz blaitzen ibili diren euskal interna- zionalistak atxilotu dituztenean etorri zait burura duela hamaika urte entzundako esaldia.

Askapeneko lagunak erakunde armatuaren nazioarteko taldeko kideak direla entzuteak ez nau harritu. Kazetari xume hau «ETAko kanpo arazoetako ministro» izendatu zuen 24 orduz informazioa-edo ematen duen espainiar telebista kateak. To!

Horregatik baino ez bada ere, ezin diot inolako sinesgarritasunik eman Askapenaren aurka duela bi urte iragarri eta memento berezi honetan Rubalcaba ministroak agindu duen erasoari.

Nazioartean euskal prozesuak hartu duen itzala handituz doa. Luzez isilpean, tarteka agerian, baina guzietan zalapartarik egin gabe, elkarrizketaren hariak sare sendoa irun du.

Esanguratsua ahalegin bizkor horren aurrean «zortzigarren potentziak» eman duen erantzun ahula: bide politikoetatik independentziara igarotzeko asmoa duenari aizkoraz jo.

Izan ere, malkoak begirada garbitu eta aurrerago tinko begiratzeko baliatu ditu lehen bezala orain ere ezker abertzaleak. Ene aldetik, burua hoztu nahian, betaurrekoak jarri eta irakurtzeari ekin diot. Euskal Herriko eskuineko hedabideek beraiek «bitartekari» izenpena naturalki ematen diete dagoeneko Brian Currin-i eta bere taldekideei, Bruselako Adierazpenaren sinatzaileei zilegitasuna ezkutaezina dela aitortuz.

Bistan da, ETAri berretsitako eskaerari erreparatzen diote bereziki, baina urrats hori, etortzen delarik, ez da doakoa izanen. Nazioartetik luzaturiko eskaeraren lehen jasotzailea ETA bada ere, ez bitartekariek, ez Bilbon bildutako jendetzak ez diotelako soilik erakundeari begiratzen.

Urratsez urrats, Europar Batasunean langabezia tasarik altuena duen Estatuaren bidegabekeria frogatu du ezker abertzaleak. Orain gatazkaren konponbidea bilatzeko eta euskal demokrazia eraikitzeko etxeko sukaldari guziek engaiamendu iraunkor eta egiaztagarriak landu behar dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo