Julen MURGOITIO
68ko loraila 10eko urrian
Goizean goiz tabernaren barran eguneroko prentsa arin batean begiratzea zer den! Batzuetan berri batzuk aldrebes ulertzea ere! Horra, lehengoan U2k jende andana bildu zuela, non eta Donostian! Hau akabua! pentsatu nuen, koblakariaren moduan ni ere artean loaren orratzak ezin kendurik, irailaren hondarretatik atera gabe eta U2a pasatuta! Egunak duen ilunabarrenean, ostera, etxeko mahaiaren bazterrean patxadaz jesarrita, orduan bai, haxe unea goizean arin begiratua gauez ganoraz irakurtzekoa. Orduan jakin U2 ez zela Bilboko urriaren bia, ez dakit nongo musika taldea Donostian kantatua baizik. Akabua! Eskerrak nirea Passion for Knowledge dela, hots, ezagutzeko grina, bestela konpartsarik gabeko jai nuke! Tira, harira! urrira! Urriak bi zituen atzokoan marea biziak hartu zituen Bilboko kale nagusiak, ETBko eguraldi mapa motzak ezin igarria. Klima aldaketa! esango luke txotxoloren batek, Lakuako gobernu transgenikoak aldarrikatutako cambio demontre zer horrekin nahasturik, seguruenik. Klima politikoaren aldaketa bai, baina jende-esparru zabaletan azken bolada honetan metatuz joan den beroketa globalaren ondorio! Hango gobernuak eta horrek hemen dituen frankizia-gobernuek etengabe jaurtitako negu-gasek badute, izan ere, eragina beroketa globalean. Gernikatik datorren haize fresko berriak ere badu, izan ere, eragina beroketa hori bestelako eguraldi mapatik bideratzeko.
Marea biziak kaleak hartu. 68ko lorailaren Pariseko hormetakoak etorri zaizkit burura. Debekatzea debekatuta, erakusten zuen horma batek, harro. Irudimena agintari, beste batek, pareko harrotasunez. Zenbat urte joan eta etorri diren harrezkero! Atera kontuak, zenbat egun, ordu. Zenbat negar eta malko. Zenbat negoziazio eta prozesu. Pentsatzea ere preso batzuen espetxeratze urteak gertuago duela 1968ko hura 2010eko hau baino! Denbora zein erakusle ona den! Espazioa bezain ona. Bizitasuna eta indarra marea lurtar berriari! Horma guztiak apurtzeko beste. Eman behar zutena emana dutelakoan; haiek ere. Tira, harira! Marea hilak bizirik dirau, oraindik. Horiena Passion for Ignorance da, ezjakiteko grina. Euren leloak Irudimena debekatuta eta Debekatzea agintari. Euren hormetan beti ere. 1968ko loraila 2010eko urrian. Hormaz horma. Harresiak bota arte.