Fredi Paia 2010/10/1
Askapena gara
berria
Gaur maputxeen gainean idatzi gura nuen. (...) Asel Luzarragaz izkiriatzea zen asmoa. Baina zein zentzu dauka atzerriko egoeren aipamenak haizeak eroaten dituen berbak ekintza bihurtzeko tresnarik ez badugu?
Hamazazpi urterekin hartu nuen parte lehenengoz Askapeneko brigada baten, 1998an. Irlandako Iparrera joan ginen bake prozesua kolokan zela. Talde txikia ginen, abuztuan bi gradutan egoteak espiritu internazionalista hozten ei dio jendeari. Bertan ezagutu nuen auto bonba baten eztanda zer den (...). Eta garrantzitsuagoa dena, bertan ikasi nuen herri zapalduen arteko elkartasuna zein ederra den.
Aurten Palestinan izan gara Askapenak bideratutako kultura brigadan. Oraingoan talde handi bi izan gara. Bertako kulturgileekin batzartu, egoera politikoaren berri izan, bertso saioak, kontzertuak, dokumentala... (...)
Brigada batean zein bestean, atxilotu dituzten Askapeneko kideen lanak bi izan dira. Batetik, bertako egoerari buruzko informazioa eman, ikuspegi historikoa, alderdi bakoitzaren jarrera, internazionalismoaren balioak, GKEen kapitalismoaren Troyako zaldi papera azaldu... ezagutzera gindoazen errealitatea ulertzeko bitarteko intelektualak eman dizkigute. Bestetik, Eiren zein Palestinan geunden bitartean neba-arreba legez zainduko gintuen jendearekin loturak egin eta aditu izugarri interesgarriak ezagutzeko ateak zabaldu dizkigute. Baina kasurik gehienetan eurek ez dute gurekin bidaiatzen.
Alegia, munduan zehar ez dakit zein delitu egiten ibili garenak hamarkada hauetan brigadista izan garen milaka lagunak gara. Gu izan gara Askapenaren aho eta belarriak.
Beraz, Auzitegi Nazionaleko bele beltzok, zuen atxiloketa kamioiei itxaroten gaude.