GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Koldo Aldalur

Hondoko itsasoa

argia

Mila duroko ederrena baino nahiago nuke iritzi artikulu hau zaharra balitz argia ikusi baino lehen. Urak baretu diren seinale pozgarria litzateke arraun mundurako.

Donostiako banderaren bigarren jardunaldia amaitu bezain azkar Jose Luis Kortak eginiko adierazpenek hautsak harrotu eta urak lokaztu dituzte. Baina ez ziren izan urteko bandera garrantzitsuena lortu ezaren berotualdiaren ondorio.

Sailkapen egunetik lehen jardunaldira doan tartean aipatu zigun Kaikuko entrenatzaileak susmo txarra hartzen ziela San Miguel ligako azken txanpari eta Kontxako zita handiari. Ez genuen, egia esan, sakakortxoarekin tiraka ibili beharrik izan Ortzaikakoak bere beldurrak aireratzeko. (...)

Harrezkero nire buruan bueltaka dabilena zera da: kirol medikuntza pribatua medikuntza publikoaren aurretik al dabil oraindik? Posible al da sendagile baten lanaren eraginez kirolari talde batek hainbesteko aldea ateratzea eta kontroletan zertan dabiltzan ez igartzea? Egia al da tratamenduak eraman dezakeela kirolaria bere mugatik kanpo dauden esfortzuak egitera? Neurriz kanpo ibiliaren ondorio larriak behin baino gehiagotan errepikatu direla azken urteetan? Olatu zakar horretan murgiltzeko erabakia kirolariarena da, edo klubarena? Damu naiz Kortari galdetu ez izanaz.

Berarekin hitz egin nuen hartan beste zalantza bat ere sortu zitzaidan: talde bakar bati buruz ari ote zen, pare batez, edo orokorra ote da arraun munduari hartzen dion ustel usaina?

Argi dagoena da Kortak garai txarrean zabaldu duela zalantzaren itzala, eta dotoreagoa izango zela, bere garaian, galdera hauen erantzunak plazaratzea.

Bere hitzak indartuko dituen probarik ez badu, alde egin aurretik bota egin beharko lukete, tostetan eta lehorrean aritzen diren arraunlari eta arduradunen ohorea baitago jokoan.

Agian gehiegi ari gara hitz egiten Jose Luis Kortari buruz, eta ondorioz, gutxiegi aipatzen Urdaibaik Kontxa eta San Miguel liga irabazi dituela. (...)

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo