GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

June Fernandez Bilbon Kaleak Aske plataformako kidea

Bilbo anitz eta bizi baten alde: Ordenantzari ez

Seriotasuna merezi dute, euren eskubideak urratuak ikusten dituztenek, esaterako Atzerritartasun Legea dela-eta, prostituzioan edo top-mantan jardun behar duten etorkinek?

Hirurogeita hamar kolektibo inguru eta milaka pertsona Bilboko Espazio Publikoaren inguruko Ordenantzaren aurka agertu gara, bere edukiak ezagutzera eman zirenetik. Ordenantza ostegunean aprobatu zen. Erantzule politikoek gure kexuak txikiagotzen saiatu dira, Iñaki Azkuna alkateak berak duela gutxi «gehiengo ixila kalean seriotasuna eta ordena egotearen alde» dagoela adierazi zuelarik. Ixilik daudenen iritzia ezagutzen duela esaten duenaren aurka, 70 kolektibo anitzok (auzokideak, feministak, ekologistak, antirrazistak, gazteak, lesbiana, gay eta transexualak, kontsumitzaileak, sindikatu eta alderdi politikoak horien barne) gure gaitzespena adierazten jarraitzen diogu neurrigabeko erregulazionismoari. Hiri anitz, bizi baten alde lan egiten dihardugu, non pertsona ororen eskubideak errespetatuko diren, eta kaleak guztionak direla aldarrikatzen dugu. Kalea errespetuz eta sen onez disfrutatzeko aukera izan behar dugu.

Nahiz eta espazio publikoari buruzko ordenantzaren erabateko onarpena joan den astean izan zen, giza mugimenduek lehenago ikusi genituen Udaletxeak kalean egiten diren giza errebindikazio ekintzei jartzen dizkien ostopoak. Honen adibide bezala, plataforma honen partaide garen talde askok osatzen dugun, Bilbogune izena duen giza kolektiboen merkatuari sistematikoki ukatzen zaizkio Arenal edo antzeko kokapenak. Enpresa handiek ez dute arazorik topatzen hiriko edozein lekutan beren karpak jartzeko, baina giza kolektiboei Bailen moduko trantsito gutxiko kaleak baino ez dizkigute eskaintzen.

Azkunak seriotasuna aipatu du, baina gizarte eragileon oposizioari iseka egiten dio. Gu ez gara orden edo orden faltari buruz mintzo: errespetua eta erantzunkizunari buruz ari gara. Horretarako, udal batek egin behar duena benetako bizikidetza gatazken aurrean irtenbide konkretuak proposatzea da. Udal honen apustua, ordea, existitzen ez dena ere debekatzea izan da). Eta hala, turistek eta kongresistek ustekaberik gabe bisitatu ahalko duten hiri elitista, txuri eta isila (kotxe eta herri lanen zarata alde batera utziz) eraikitzeko proiektua sendotzen dihardu gure alkate jaunak.

Serioa al da boomerangean jostatzea debekatzea? Serioa al da tabernan erositako garagardoa kalean edatea baimendua egotea, baina aldiz prezio erdiagatik supermerkatuan erosiz gero zigortua egotea? Serioa al da ia bidegorririk ez daukan hiri batean bizikleta edota patinak ezpaloietan erabiltzea zigortzea, inolako alternatibarik aurkeztu gabe?

Seriotasuna merezi dute, aldiz, euren eskubideak urratuak ikusten dituztenek, esaterako Atzerritartasun Legea dela-eta, prostituzioan edo top-mantan jardun behar duten etorkinek?. Nahiz eta sexu-salmenta delitu bezela jasota ez egon, eta diskoen salmenta ezta ere, kode penalaren azken erreformaren ondoren, ordenantza honek 3.000 euroko isunak aurreikusten ditu bizirauteko salmenta hauek aurrera eramaten dituztenentzat.

Tomás del Hierro, Espazio Publikoa Erabiltzeko Bulegoaren zuzendariak dio guk ezagutza faltagatik ukatzen dugula ordenantza. Baina araudi honen aurka sinatu dugun 3.500 pertsonak eta horren kontra kaleetan manifestatu garen ehunka pertsonak ez gaude desinformaturik. Jakin badakigu testuak zehaztasun falta handia daukala (ez dio ageriko sexua zer den edo zeintzuk izan daitezkeen mezu politiko iraingarriak) eta horrek Poliziaren interpretazio arbitrarioak sor ditzakeela, talde babesgabe eta baztertuen zein mezu deserosoak zabaltzen dutenen kontra joateko aitzakia bilakatuz.

Bilbo anitz, bizi, sozial, zabal eta demokratikoa eraikitzeko balio ez duen arautegiaren aurka egitera animatzen zaituztegu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo