GARA > Idatzia > Kirolak

SURF Quiksilver Pro France

Aurten ere Mick Fanning txapeldun Hossegorren

Soilik adituentzako baldintzetan, ongi merezitako txapela irabazi zuen Mick Fanning australiarrak. Kelly Slater bigarren geratu zen atzo, baina lehen postuan jarraitzen du WCTko sailkapen nagusian.

p052_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA

Aurreko egunetan izan den ikuskizuna gaindiezina zela genioenak oker geunden. Atzokoan Hossegorreko Les Culs Nus hondartzara gerturatu zen edonork ziurta dezake esandakoa. Goizean goiz hasi ziren finalerdietako txandak. Hiru metrotik gorako olatuak, haize gutxi eta tubo erraldoiak nonahi. Ikuskizuna ziurra zen, baina jazotakoak iragarpen oro gainditu zuen.

Bi australiar izan ziren goizeko lehen lehiakideak. Adrian Buchan, 2008an Hossegorreko irabazlea, ezker olatu batean aurpegiz tubo bat eginaz hasi zen, baina laburra izan zen eta 2'73 puntu eman zizkioten epaileek. Jarraian, Fanning izan zen eskuin olatu batean aurpegiz tubo bat egin zuena, eta bertan cutback bat eginez jarraitu zuen, eta berriz ere tuboan sartu-irten azkar bat eginez amaitu 8'67 puntu jaso zituen olatua.

Buchan ez zegoen lo, ordea, eta eskuin olatu garbi eta handi batean bizkarka tubo eder bat osatu zuen. 9 puntu jaso zituen. Bat-batean altxatu zen olatu bati lotzeko arraunean hasi zen Fanning orduan, eta 9 puntuko beste tubo ikaragarri bat egin zuen. Horrela lortu zuen finalerako txartela.

Beste finalerdia ere ez zen nolanahikoa izan. Bi estatubatuar lehian, Kelly Slater eta Bret Simpson. Erraz gailendu zen Slater. Simpsonek tubotxo bat egin zuen olatu batean. Olatu erraldoi batean jaitsiera zail bat ere egin zuen, baina bi puntu ere ez zituen lortu.

Slaterrek, berriz, txapelketa osoan puntu gehien jaso zuen tuboa egin zuen finalerdietako txandan. Olatu batean tubo garden bat egin zuen, eta 5'13 puntu jaso zituen. Baina ikaragarriena 10 puntuko tuboa izan zen. Olatu apartsua, zuri-zuria, itzelezkoa. Zutik jarri bezain laster atzealdea zapalduaz galga egiten hasi zen Kelly, baina momentu batean taularen ipurdiak ihes egin zion, orduan maisutasunez norabidea zuzendu eta sekulako tuboa egin zuen.

Gauzak horrela, finalerako osagai ezin hobeak ziren mahai gainean. Soilik adituek mendera ditzaketen olatuak, eguraldi ona, milaka pertsona urertzean eta kasurik txarrenean ere sekulako ikuskizuna eskainiko dutelako bermea ematen duten bi surflari, Mick Fanning eta Kelly Slater.

Fanning australiarrak Hossegorren bi txapel irabaziak ditu, 2009an eta 2007an. Ongi ezagutzen du Landetako olatua.

Slaterrek ere bi bider irabazia du txapela Hossegorren, baina irabazteko irrikaz zen, azken txapela 1996an jaso baitzuen. Urte horretan Biarritzen ere txapelketa izan zen eta hura ere berak irabazi zuen. Hossegorren irabazi zuen beste aldia, 1992an izan zen. Atzokoan handia zen, beraz, ikusmina.

Finalean, itsasoko baldintzak gogorrak izan ziren. Bi lehiakideek zailtasunak izan zituzten olatuak aukeratzeko orduan, eta ez zuten olatu askorik hartu. Fanning hasi zen, olatu apartsu handi batean 7'17 puntu jaso zituen tubo bat eginaz. Atzean, Kelly erantzuteko prest zegoen, eta ederra zirudien olatu bat hartu zuen, baina gauzak ez zeuden txantxetarako atzokoan eta olatuak osorik irentsi zuen estatubatuarra. Kellyk, 3'17 eta 3'57 puntu bakarrik bildu zituen. Ez zuen asmatu olatu aukeraketan.

Baldintzak beraz, muturrekoak ziren, edozein momentutan lehiakide batek olatu pare bat hartuta sekulako puntuaketa lor zezakeen. Bi minutu eskas falta zirela, tubo apartsu batean desagertu zen Fanning. Ikusleria isil-isilik geratu zen une batez, baina bat-batean, surflaria ziztu bizian atera zen olatuaren erraietatik eta txistuka eta saltaka ospatu zuen bertaratuek.

Azken segundoa agortu arte, Kellyk oraindik mirariren bat egingo ote zuen itxaropenari eutsi zioten ikusleek, baina ez zen halakorik izan.

Hossegorreko irabazlea Mick Fanning izan zen eta garaipen garbia izan zen. Ranking nagusian Kelly Slaterrek jarraitzen du buru, 48.000 punturekin. Bigarren, Jordy Smith 40.750 punturekin. Eta Fanning, garaipen honen ostean, hirugarren postuan kokatu da. Portugal, Puerto Rico eta Hawaiiko txapelketak falta dira, baina lehia interesgarria ageri da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo