GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | Euskal irudigileen III. topaketak

Teknologia berrien garaian, egile eskubideen defentsa eta eskaintza berritzaileak

Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak (EIEP) III. Topaketak egin zituen atzo Bilbon. Datozen garai digital berrietarako ezinbestekotzat jo zuten euren eskubideak defenditzeko irudigile guztien batasuna.

p055_f02_147x96.jpg

Ane ARRUTI

Teknologia berrien iraultza geldiezina da alor guztietan, baita irudigileen sektorean ere. Etorkizunari begira izan ditzaketen erronkak eta zailtasunak aztertzeko, bi gonbidatu izan zituzten euskal irudigileek atzo goizean, Bilbon. Batetik, Javier Gutierrez, abokatu eta VEGAP artista plastikoen jarduera kudeatzen duen erakundeko zuzendaria, eta bestetik, Gemma Cortabitarte, kazetari eta APIC Kataluniako irudigileen elkarteko gerentea.
«Etorkizuneko irudigileak teknikoagoa eta diziplina anitzekoa izan beharko du», ondorioztatu zuen Cortabitartek. Komunikaziorako euskarri berriak agertzearekin –liburu digitalak, irakurgailu elektronikoak...– «galtzaile nagusiak» liburu saltzaileak eta banatzaileak izango direla esan zuen, eta ilustratzaileek aukera eta arrisku berriei egin beharko dietela aurre. «Irudigile gehienak testuliburuei esker bizi zarete eta ikasgelen digitalizazioa gauzatzen ari da dagoeneko. Gero eta gehiago erabiltzen da animazioa zerbait azaltzeko». Hori dela eta, informatikariekin edo teknikariekin lan egitea tokatuko zaio irudigileari. «Programa ezberdinak ezagutu beharko ditu, ziurrenik talde lanean oinarrituko baita bere zeregina».
Prentsan gero eta etorkizun eskasagoa daukatela uste du Cortabitartek, paperezko edizioak jasaten ari diren beherakadarengatik, batez ere. Aukera gehien eskaintzen dituen sektorea, bideo jokoena eta animazioarena dela esan zuen. «Bideo jokoen fakturazioa gora eta gora ari da. Lehen erabiltzen zituzten umeak helduak dira eta erabiltzen jarraitzen dute, Wii bezalako kontsolekin familia osoak jolasten du orain eta erabilera arlo ugaritara zabaldu da: osasuna, medikuntza, hezkuntza...».
Liburu digitalen sorkuntza ere aipatu zuen aukera interesgarrien artean. Egoera horren aurrean, editoreen artean ez omen dago, ordea, adostasunik. «Argitaletxeen sektorea oso pasibo dago, zer gerta daitekeen begira. Batzuek estrategia bat dela diote, dituzten liburu soberakin guztiez libratzeko. Oraingoz egiten ari diren bakarra ‘PDF aberastua’ da, hau da, dituzten liburuak eskaneatu eta marrazkitxoren bat erantsi». Sortzaileentzat hor ikusten du aukera Cortabitartek, produktu ezberdinak eskaini beharko liratekeela esan zuen, audio eta bideoekin osatutako liburu digitalak sortzeko, adibidez. Ordainsari handiagoa ere exijitu ahal izango da modu honetara: «Paperezko liburuetan %50 banatzaileentzat izan ohi da. Digitalean, bitartekari hori kentzen bada, diru hori dena banatu egin beharko da».   

Egile eskubideak
 
«Pirateriaren aurrean ezer gutxi dugu egiteko. Denok dakigu zein erraza den artxiboak kopiatzea edo deskargatzea», esan zuen Cortabitartek. Baina, egile eskubideak errespetatzeko, irudigileek sinatzen dituzten kontratuen ezaugarriek sekulako garrantzia dutela azpimarratu nahi izan zuen.
 
Eskubide horiek bermatzeko sortu zuten laurogei artista plastikok VEGAP, 1990ean. «Ez dugu SGAErekin zerikusirik», argitu nahi izan zuen atzo Gutierrez zuzendariak. «Egileek bakarrik osatzen dugun irabazi asmorik gabeko erakundea gara, nahiz eta intentzio txarreko iritzi batzuk kontrakoa zabaltzen saiatu diren».   
 
Egile guztiek bat egitea bilatzen dute, kontratuen kudeaketan lagunduz, «editoreekin banan-banan negoziatuz ez baitugu ezer lortuko. Gure lanak hirugarren bati irabaziak ematen badizkio nolabait ordaindu beharko digute».
 
Interneteko jardueraren gaineko erregulazio faltaz baliatuz, zenbait editore eskaintzen ari diren «neurriz kanpoko kontratu ilegalak» salatu zituen Gutierrezek. Lana eraldatzeko eskubidea egileak baino ez duela argitu zuen, eta hori transferitzen bada, eskubide moralen urraketa dagoela.
 
VEGAPeko partaide izateko, argitaratutako lanen bat edukitzea beharrezkoa da. Informazio gehiago www.vegap.es atarian aurki daiteke. 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo