GARA > Idatzia > Mundua

Moncloa eta Madrileko aparatua aurrez aurre, PSOE-koen primarioetan

PSOE Espainiako Langileen Alderdi Sozialistaren etorkizunerako oso garrantzitsuak izango diren hauteskunde primarioak egingo dituzte gaur. Trinidad Jimenez eta Tomas Gomez dira bi hautagaiak.

GARA | MADRIL

Trinidad Jimenez Osasun ministroa Zapatero presidentearen hautagaia da, Moncloarena alegia, eta Tomas Gomez Madrilen PSOEk duen aparatuarena. Bi hautagaiek gauza bera egin zuten atzo, alderdikideen babesa eskatu, hori bai, alderdiaren onurarako izango dela erantsita.

Gaur egingo diren bozketa primarioetatik aterako da Madrileko autonomia-erkidegoko hauteskundeetara PSOEk aurkeztuko duen hautagaia.

Esperanza Aguirre egungo presidentea izango du irabazleak aurrean, bera izango baita datorren maiatzerako iragarri diren hauteskundeetarako PP Alderdi Popularrak aurkeztuko duen hautagaia.

PSM Madrileko Alderdi Sozialistak dituen 18.100 afiliatuek izango dute hautagai sozialdemokrata aukeratzeko ardura. Horiek konbentzitu nahian, atzo eguerdian egin zituzten beren kanpainetako azken ekitaldiak. Tomas Gomezek Complutense Unibertsitateko Medizina Fakultateko batzar aretoan elkartu zituen bere jarraitzaileak, eta Trinidad Jimenez ministroak ONCE Espainiako Itsuen Erakundeak hiriburuan dituen instalazioetan. Aparatuaren hautagaiak irakaskuntza publikoari egin zion keinu leku hori aukeratzean, eta Zapateroren Gobernuko kideak minusbaliatuei. Begiraleen arabera, oso esanguratsua izan da bi hautagaiek leku horiek aukeratu izana.

Alderdiko goi-karguen aldetik ez zen berririk izan atzo, azken orduan ez baitzen jakinarazi inolako mugimendurik. Beraz, afiliatuen esku dago orain azken erabakia, eta horien konfiantza lortzeko izan ziren atzoko azken ahaleginak.

Hori bai, benetako arerioak munizio gutxiago izan dezan, bi hautagaiek esan zuten edonork irabazita ere ilusioari eutsi behar zaiola PSOEn, 2011ko maiatzean egin behar diren hauteskundeak izango baitira garrantzitsuenak alderdiarentzat. Izan ere, PPk urte asko egin ditu Madrileko erakundeetako agintean eta horrek sekulako garrantzia dauka espainol Estatuko alderdi politikoentzat, erkidego populatuenetako bat baita.

Alderdi eredua

Tomas Gomezek adierazi zien bere jarraitzaileei gaurko bozketan, hautagai onena aukeratzeaz gain, «politika egiteko eredu bat eta alderdi eredu bat ere» aukeratuko dituztela.

Alde batetik, «bulego batean hartutako erabakia» dago -Moncloako bulego batean, ulertu behar da- , eta bestetik, «bere buruaren jabe izateko erabakia», Gomezen jarraitzaileek hartu omen dutena, aparatuaren hautagaiak egin duen irakurketaren arabera. Gainera, Madrileko «ezker sozialak» gehiengoa duela esan zuen, eta maiatzerako hori mugiaraztea lortu behar dutela.

Jimenezek, berriz, eskatu zuen «bihotzarekin, buruarekin eta herritarrak kontuan hartuta» emateko botoa, «proiektuz, ilusioz eta botoz beteta datorren trena ez galtzeko». Bere iritziz, aurreko hauteskundeetan baino boto gehiago biltzea ez litzateke nahikoa izango maiatzeko hauteskundeetan, bera ez baitago oposizioan beste lau urte egiteko prest: «Irabazteko aukera garrantzitsuegia da alferrik galtzen uzteko».

hamar ordu

Goizeko hamarretan zabalduko dituzte hauteslekuak, eta iluntzeko zortzietan itxi. Beste bi ordu beharko dira emaitzen berri izateko. Inkestek ez dute gauza handirik argitu. Beraz, alde txikia espero da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo