Pirritx, Porrotx eta Marimototsek DVDan jaso dute «Irrien lagunak»
Iazko urte bukaera aldera plazaratu zuten Pirritx, Porrotx eta Marimototsek «Irrien lagunak» diskoa. Ordutik, Euskal Herriko txoko gehienetan izan dira lana aurkezten, eta orain, DVD batean jaso dute ikuskizuna, hainbat erreportaje eta bideoklipekin batera.
GARA | ORIO
Senegaldarrak, kubatarrak, galiziarrak, andaluziarrak... Hainbat eta hainbat lagun izan dituzte alboan Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek «Irrien lagunak» proiektuan. Eta denboraldia amaitzear duten honetan, «irrien festa mundiala osatzen gurekin aritu diren hainbat lagunekin batera» aurkeztu zuten atzo Orioko Herri Ikastolan «Irrien lagunak» DVDa. Bertan izan ziren senegaldarrak, Atzegiko lagunak, Hernaniko udaltzainak eta Ordiziako musika eskolako kideak.
DVDaren mami nagusia zuzeneko ikuskizunak osatzen du. Horretarako, aurtengo maiatzean Urnietako Sarobe antzokian grabatutako emanaldia jaso dute. «Parte-hartzea helburu, pailazo zein zale, barre, kantu eta dantza guztiok, abesti berriak, lehenagokoak eta herrikoiak tartekatu ditugularik», esan zuten Orioraino hurbildutako lagunek.
Pailazoez gain, Xabier Zabala musikaria eta Idoia Uralde kantaria ere oholtza gainean izan dira bira honetan, zuzeneko musika eta ahotsa eskainiz, eta eurak ere ageri dira DVDan.
Zuzeneko ikuskizunaren osagarri, beste hainbat eduki ere bildu dituzte DVDan. Bideoklipei dagokionez, lau kantu ageri dira: «Irrien lagunak CDa grabatzen», Atzegiko lagunekin grabaketan «Zeinen politak garen», Kubako Duo Jade kantari dutela «Kukurrukuku!» eta Erreñi sorginarekin kantu eta jolasean «Sasi guztien gainetik».
Bestalde, hiru erreportaje ere bildu dituzte: «Teranga-Senegal» izenekoak, gure arteko senegaldarren bizimodua azaltzen du; «Bide heziketaren sekretuak» bideoak, kalean adi, lasai eta alai ibiltzen erakutsiko die haurrei; eta «Bizitza kantu bat da» izenekoak Ordiziako musika eskolara egindako bisita dakar. Horiez guztiez gain, karaokeak eta abestien partiturak topatuko ditugu DVD horretan. «Finean, etxeko guztientzat interesgarriak diren orotariko abenturen bilduma da», esan zuten.