Asier Miron Pavo | Andoaindarra
Andoaingo Udal Lilburutegia edo ahaztuen kobazuloa
Andoaingo Udal Liburutegia, edo hobeto esanda, apalategia, guztiz baztertua dago: ahaztua, gutxietsia alegia. Ezin da bertan ikasi, irakurtzen ari den jendea ez izorratzeko, eta orduan, Andoaingo ikasle askok eta askok beste gune batzuetara joaten dira (Koldo Mitxelenara adibidez) ikasgaiak errepasatzera, edo aukera baldin badago, lagunen baten etxera. Liburuak, espazio honetako apaletan, biltegi zahar batean bezala pilaturik daude, eta erabiltzaileek, batez ere bista txarra dutenek (nire aita, eta zu, adibidez) ezin dituzte goiko apaletan dauden liburuen izenburuak jakin. Arazo hau etorkizunerako planak egiten hasten garenean areagotzen da. Bi aukera ditugu mahai gainean; titulu berriak ez bereganatzea (krisiaren krisi aukera bikaina) edo liburutegian aurkitzen diren liburu zaharrenak eta irteera eskasa dutenak zaborrera edo sutara botatzea. Hirugarren bide bat aukeratuko nuke nik. Agian Udalak aparteko plan bat dauka esku artean arazo honi irtenbide bat emateko. Existitzen bada, ezagutu nahi nuke, mesedez. Txunditurik uzten nauena zera da, nola da posible ehun metrora dagoen Bastero Kultur Gunean fonoteka berezi bat jartzea, musika eta pelikulentzat, eta Udal Liburutegiak lehenago aipatu ditudan arazo endemikoekin jarraitzea? Ez al dira konturatu udal agintariak kontraesan eta gabezia nabarmena dela ikasketetan aritzea debekatua egotea eta arazo honi irtenbide bat ez ematea? Ez al dituzte beren alaben edo lagunen edo lehengusuen kezkak entzun gai honen inguruan? Agian ez. Nire ustetan, andoaindarrok aho txikiarekin plazaratzen ditugu gure kezkak (gaitz orokorragoa, alajaina) eta normala da gure kaleetan, tabernetan, kirol zentroetan edota lantegietan, kritika asko eta asko entzutea, baina inork ezer ez egitea. Gainera, zertarako balio du? Gauzek berdin jarraituko dute, eta gizaki xumeok ezin izango ditugu «gauzak» aldatu; gure Alejandria kuttunari irtenbide duin bat ematea lortu ere ez, noski. Baina honekin ez nago guztiz konforme, eta benetan, zerbait nahi duenak zertxobait egin behar du hori lortzeko, eta honen inguruan iniziatiba berriak martxan jartzea da nire helburua.
Idatzi ditudan azken gogoetetan (http://itzalagunea.com orrialdean aurkituko dituzu), kulturari eta demokraziari buruz dihardut. Hurrengo idatzietan zehatzagoa izango naiz eta Porto Alegreko esperientziatik parte hartzera bultzatzen duten udal aurrekontuen inguruan arituko naiz. Badaude foro horretan munduan zehar sakabanatutako 1.200 udalerri baino gehiago herritarren protagonismoa bultzatzearen alde apustu egin dutenak. Lurralde berriak hausnartuz, udal aurrekontuen osaketetan eta diruaren banaketaren parte-hartze zuzena izan dezagun. Hortik hasten da ahoz aho eta inolako lotsarik gabe erabiltzen duzuen «demokrazia» hitza. Eta nahi izanez gero, egitasmo hau aurrera eramatea posible da... Edo, benetan, benetako beldurra diozue hitz horri? Non dago orain dela hiru hilabete instantzia ofizialaren bidez eskatu nituen Andoaingo aurrekontuen liburu potoloa? Burugogorra naiz, Estanis jauna, eta nahiz eta zure egunkariaren zentsura zuria jaso (orain arte ez da horrela izan; nola aldatu den nirekiko jarrera, ezta?), aurrera jarraituko dut denon eta denontzat diren eskubide unibertsalak defendatzen, zuek sarri askotan aipatzen duzuen bezalaxe.