Aralarko artzainak, Aldundiari neurri eske
Gipuzkoako Aldundiak araudi zorrotza du Aralarrera abereak eramateko. Azkenaldian neurriak ez direla bete salatu du EHNEk eta kontrolatu gabeko ardiek arriskuan jartzen dituztela gainerakoak. Egoeraren berri izan arren Aldundiak ez duela ezer egin salatu dute artzainek.
Amaia ZURUTUZA |
Gipuzkoako Aldundiak Aralarko artaldeen osasuna arriskuan jarri duela salatu zuen atzo EHNE sindikatuak Gipuzkoako 25 bat artzainekin batera Donostian egin zuen prentsa agerraldian. Iñaki Lazarobaster sindikatuko Gipuzkoako arduradunak azaldu zuenez, Aldundiak araudi zorrotza du Aralarrera abereak eramateko, baina azken denboraldian neurri sorta hori betearazi gabe gelditu da, eta legezko kontrolak pasatu ez dituzten ardiak aurkitu dituzte artzainek.
Mendira igo aurretik artalde guztietako ahariei odola ateratzeko beharra ezarri zuen Aldundiak pasa den martxoan kaleratu zuen txostenean. Era berean, Aldundiko Abeltzaintza Zerbitzuko datu basean alta eman gabe zeuden ahariak ezin izango zirela mendira bidali erabaki zuen. Aldundiak berak ezarritako prebentzio neurriak bete ez direnez, kontrolatu gabeko abereek Aralarko artaldeak arriskuan jar ditzaketela salatu zuen Lazarobasterrek.
40 bat artzainen esku 18.000 ardi inguru ibiltzen dira Aralarren. Lazarobasterren arabera, artzainek ahalegin berezia egin dute euren lana ondo egiteko eta Aldundiak ezarritako neurriak bete dituzte. Denboraldi hasieran ordea, maiatza aldean, ardiak Aralarrera eramaterakoan, kontrolatu gabeko ardiekin egin zuten topo artzainek. «Gipuzkoako Aldundiko arduradunei egoeraren berri hasieratik eman zieten, beharrezko neurriak har zitzan, baina Aldundiak ez du erantzunik eman», esan zuen.
EHNEk Aldundia egin du «axolagabekeria» horren arduradun: «Berak ezarritako prebentzio neurriak bete gabe gelditu baitira, eta artzainek, egoeraren jakitun, Aldundiko instantzia guztiei jakinarazi baitzieten hasieratik irregulartasun larria gertatu zela». Baina ez zutela inolako erantzunik jaso kritikatu zuen Lazarobasterrek. Hortaz, «administrazioaren isiltasun horrek Diputazioaren axolagabekeria jartzen du agerian», esan zuen eta irtenbidea ez dela gaixorik dauden abereak kendu eta diru laguntzak banatzea. Aitzitik, hartu beharreko bidea prebentzioa dela nabarmendu zuen.