Langabeziak, zoritxarrez, nor bere lekuan jarri du
Langabeziaren azken datuak txarrak dira. Lehenik, drama hori bizi dutenentzat, horien kopuruak gora egin duelako. Txarrak dira gizartearentzat oro har, gutxieneko sentsibilitatea duenarentzat behinik behin. Baina instituzioetako arduradunentzat ere bai, beren burua kudeatzaile eraginkor gisa aurkeztu izan duten horientzat. Ekonomia sailburu Carlos Aguirrek oraindik orain krisia gainditutzat jo zuen, eta Patxi Lopez lehendakariak duela urtebete baino hobeto gaudela esan. Lan erreformak enplegua sortzeko balio duela ere esan zuten hala Lakuako maizterrek nola Madrilgoek, eta horren alde agertu ziren alderdiek. Hori nekez sinetsiko dute, ordea, Hego Euskal Herriko 1.764 langabe berriek, eta beste horrenbeste, lehendik ere lanik ez zuten 170.000 lagunek. Emakumeek eta gazteek mesfidantza baino gehiago ezin dute agertu gobernuen politika ekonomikoen aurrean, langabeziak gehienik bi kolektibo horiek jotzen dituela ikusita. Langileek oro har ezin dute sinetsi politika horien eraginkortasuna, langileak kaleratzea merkeago eta errazagoa dela eta aldi baterako kontratuen ehunekoa gero eta handiagoa dela ikusita. Lakuan ere badirudi ez dutela sinesten, krisiak bere horretan jarraitzen duela onartu behar izan baitzuten. Iruñean, aldiz, porrotari ezikusia egin, eta nahiago izan zuten Industrian langabeziak behera egin duela baino ez nabarmendu. Eraginkortasun erakustaldi bitxia.