GARA > Idatzia > Kultura

Frankfurteko liburu azokan izango dira Edorta Jimenez, Patxi Zubizarreta eta Irati Jimenez

Liburugintza sektoreko azoka handienetariko bat da gaur ateak zabaldu dituen Frankfurtekoa. Argentina da aurtengo gonbidatu berezia eta bertan bilduko diren ehunka idazleen artean euskaldunak ere izango dira.

GARA | DONOSTIA

Frankfurteko liburu azokan gaurtik aurrera hainbat ekitaldi izango dira. Batetik, eta nagusiki, eleberri berrien aurkezpenak eta mahai-inguruak egingo dituzte, eta bestetik, sektorean izaten ari diren aldaketak azaldu eta aztertuko dituzte. Iraultza digitala eta liburuaren merkatuaren egoera izango dira eztabaidetan gai nagusiak; hala, antolatu diren 2.500 ekintzetatik, 350ek zuzenean zerikusia izango dute digitalizazioaren gaiarekin.

Izan ere, hainbat herrialdetan liburu digitaletarako sortutako eduki multimedien sorrera da erronka berria. Hori dela eta, «The Pillars of the Earth» nobelaren edizio berezirako sortu-takoak aurkeztuko ditu Ken Folletek.

Paperezko bertsioan argitaratutako lanak aurkeztuko dituzte, hala ere, bertan izango diren idazle gehienek, digitalizazio hori ez baita Alemanian eta Europan beste tokietan bezain indartsua. Gonbidatu horien artean Günter Grass izango da, Grimm anaiei buruzko obra berria aurkezten.

Euskaldunak Alemanian

Euskal idazleek gero eta zabalkunde handiagoa dutela-eta, ez da harritzekoa hauek ere Frankfurten izatea. Hala, bertaratutako idazleek Alemaniako euskal ikasketen etxearen ongietorria jasoko dute aurten ere. Euskal kulturarekin lotura duten hainbat ekimen antolatu ditu etxe honek bazkideei eta eus-kara ikasleei begira, eta azoka zabalik den egunetan gauzatuko ditu.

Esaterako, irratsaio baten bidez, Harkaitz Canoren «Pasaia Blues» eleberriaren irakurraldia egiten aritu da Martin Petrus, Euskal Etxeko koordinatzailea, lana duela bi urte alemanera itzulia izan zenez. Abuztuan eta irailean astean behin egin du saio hori Petrusek Radio X tokiko irratian, eta biharkoan iritsiko dira amaierara.

Irrati horretan, euskal literaturari eta literatura katalanari buruzko saio berezi bat ere egingo dute bihar gauean, eta Edorta Jimenez idazlea izango da gonbidatuetako bat. Saioan zehar testu pasarteak irakurri, idazleen gorabeherak azaldu eta oro har erreportaje bereziak zabalduko dituzte alemanez, euskaraz, katalanez eta gaztelaniaz.

Ostegunean, Irati Jimenezek eta Patxi Zubizarretak euskal literatura garaikideari buruzko hitzaldia egingo dute, ingelesez eta euskaraz, Euskal Editoreen Elkartearen laguntzarekin, azokan bertan.

Gainera, euskal argitaletxeetako ordezkariak izango dira igandera arte, erakusmahai batean nobedadeak aurkezten, eta Lakuako Kultura sailak ere ordezkaritza bidaliko du bertara.

Gonbidatu euskaldun hauek ongi agurtzeko, euskara ikasleek sagardotegi bihurtu duten jatetxe batean afalduko dute denek. Afarian Irati Jimenez, Edorta Jimenez eta Patxi Zubizarreta izango dira, gauari literatur kutsua emanez.

Sari banaketak

Aurkezpen eta eztabaidez gain, sari banaketak ere izango dira azokan. Gaur bertan urteko nobela aleman onenaren saria, Deutsche Buchpreis izenekoa, banatuko dute.

Azken egunean, igandean, Alemaniako liburu-saltzaileen bakearen saria jasoko du David Grossmann idazle israeldarrak. 25.000 euroko saria da, obra literarioen, zientifikoen eta artistikoen bidez bakea lortzeko ideia garatzeagatik emana.

Egun berean, Argentinak, aurtengo gonbidatu bereziak, Islandiari luzatuko dio datorren urterako lekukoa, eta ekitaldi horretan Juan Gelman poeta eta kazetari argentinarra izango da hizlari.

Gainera, gaurko hasierako ekitaldian Argentinako lehendakaria Cristina Fernandez de Kirchner eta Griselda Gambaro idazlea izango dira ekitaldiko hizlarietako bi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo