GARA > Idatzia > Kultura

Alberdania eta Erein argitaletxeak elkartu dira sail berri bat sortzeko

p042_f01_088x124.jpg

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

Azken urteotan liburugintza sektoreak hainbat aldaketa jasan ditu bere baitan. Batzuek aldaketak direla diote, beste askok ordea, iraultza datorrela. Argi dagoen gauza bakarra da, Alberdania eta Erein argitaletxeek diotenez, sektoreak krisi estrukturala duela. Hori dela eta, indarrak batu dituzte, eta bi etxeen arteko elkarlanaren emaitza aurkeztu zuten atzo Donostian, Batera saila, non mota guztietako eleberriak argitaratuko dituzten bien artean.

Nazioarteko zirkuituetan kritika onak jaso dituzten edo hori lortzeko bidean dauden hainbat libururen euskal bertsioa plazaratuko dute sail berrian. Proiektuaren egileek ez diote mugarik jarri izan nahi; sailak ez du nolakotasun finkorik izango. «Publiko zabal bati egokitutako obrak hautatuko dira, ez dago mugatuta».

Egitasmo berria erantzun eta harrera hobeak lortzeko maniobra ere badela azaldu zuten. Izan ere, euskarara itzulitako liburu gehienak beranduegi ateratzen direla aitortu zuten bi argitaletxeek, askotan ezin baita azkarrago egin. Baina atzerapen horrek irakurle kopurua asko murrizten duela zioten. Batera sailarekin murrizketa eta atzerapen luze hori mugatzea espero dute, nazioarteko idazleen lehen lerrora hurbiltzeko aukera gehiago ikusten baitituzte.

Lehenengo biak

Proiektuaren aurkezpenarekin batera, saileko lehen bi eleberriak aurkeztu zituzten atzo. Bata, Suzanne Collins-en «Dena sutan», eta bestea, Arnaldur Indridason-en «Hilobiko isiltasuna».

Lehena «Gose Jokoak» trilogiaren bigarren zatia da. Lehena Alberdaniak argitaratua du, nazioartean arrakasta handia lortu duen nobela da. Etorkizun batean Ameriketako Estatu Batuak diktadura baten menpe daude eta agintariak Gose Jokoak antolatu ditu. Parte hartzera behartu duten Katniss Everdeen-ek irabazi beharko dituen probak dira zientzia fikziozko kontakizun honen mamia.

«Hilobiko isiltasuna», aldiz, nobela beltza da. Reykjaviken kokatuta, Erlendur Sveinsson inspektorea jarraituko du eleberriak etxe baten orubean agertutako hezurdura oso baten harira egin beharreko ikerketan barrena. Hala, hezurdurak hirurogeita hamar urte inguru dituenez, Bigarren Mundu Gerran amerikarrek eta ingelesek hiria okupatu zuteneko uneak agertu- ko dira tartean korapilatuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo