Lan duina, oraindik gainditu gabeko erronka
Gaur, urriak 7, urtean behin zerbait nabarmentzen den data horietako bat da, Lan Duinaren Aldeko Eguna, hain zuzen. Argia dirudi ez dela ospakizun eguna, lan duina oraindik gainditu beharreko erronka da eta. Enpresaburuek gogoko hitza izaten dute «duintasuna»; halere, langileen duintasuna esklabotzatik gero eta eta hurbilago dagoen kontzeptu gisa ulertzen dute, langileei beren lanaren truke soldata (oro har, ziztrin) bat ematea haien «familiei jaten ematea» dela sinetsarazi nahi dute, jardun altruista bailitzan. Gobernuetako arduradunek ere hitzetik hortzera erabiltzen dute «duintasun» hitza beren diskurtsoetan, baina munduan zehar, eta Euskal Herrian dauden administrazioek ezin argiago erakutsi duten bezala, gobernuen politika ekonomikoek duintasun izpirik gabeko lana erraztu eta are sustatzen dute. Izan ere, nekez aurki liteke duintasuna azkenaldion indarrean jarri dituzten neurri eta erreformetan, nekez eramango dute lanera duintasuna oparoaldietan ere aberastasun ikaragarria bakan batzuen poltsikoetara joaten uzten duten «gizarte» itunek.
Duela bi mende ez zegoen lan duinaren egunik, baina bai egun honek aldarrikatzen duenaren alde borrokatzeko motiborik. Gaurkoa egun seinalatua da, baina duela bi mende bezala, bada lan duinaren alde borrokatzeko motibo eta premiarik. Gaur, urriak 7, bihar eta egunero.