GARA > Idatzia > Kultura

AIPAGARRIAK

Irigoien: «Liberazioa eta lasaitasuna ekarri dit trilogia amaitzeak»

«Nor bere bidean» eleberria idatzita amaitu du bi urteko «Orbetarrak» trilogiaren lan proiektua. Orain dela berrogei edo berrogeita hamar urte kokatuz, Nazario Orbe eta bere emazte Regina Aldasororen istorioarekin hasi, horien ondorengoenganaino iritsi, eta bi anaiekin amaitu da.

p049_f01_097x156.jpg

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

Orain bi urte hasitako lan proiektua amaitutzat eman du jadanik Joan Mari Irigoien idazle donostiarrak. «Bestea da mundua» izeneko eleberriarekin hasi zuen «Orbetarrak» izeneko trilogia 2008an, eta atzo aurkezturiko «Nor bere bidean» alearekin amaitu du bi urteko lan luze eta mardul hori.

«Trilogia amaitzean liberazioa eta lasaitasuna sentitu nuen», zioen atzoko aurkezpenean Irigoienek. Izan ere, bi urte hauek ez dira oso errazak izan idazlearentzat. Bigarren alea idazten ari zela, bizikletaz izandako istripu baten osteko errehabilitazio lanak amaituta, zailtasun handiak izan baitzituen kontaketarekin jarraitzeko, eta une batzuetan lan hura hasteaz «damutu» ere egin zela aitortu zuen. Hala ere, «krisi» horri aurre egin eta gainditzea lortu zuen, bigarren alea kaleratuz.

Hirugarrengo honetan Damaso eta Gabino anaiei buruz hitz egiten du. Damasok gutun sorta luzea idatzi dio anaiari, Burgosko Epaiketaren garaitsuan eta Gabinok hamabost bat urte geroago erantzungo dio. Gutun bidezko elkarrizketa luze horretan bakoitzaren kezkak, buruhausteak, familiako kideen oroitzapenak eta bakoitzaren bizipenak azaltzen dira.

Trilogia hau ez zen hasieratik hala izatekoa, ordea. Hasiera batean, bigarren alea zuen buruan altzatarrak, nobela bakarra izateko moduan antolatua. Baina, hura egiten hasteko zela, luzeegia aterako zela ohartu zen, protagonista den familiako senitartekoen gorabeherak azaltzea ere beharrezkoa zela ikustean. Hala, lehenengo alea prestatu beharrean ikusi zuen bere burua, eta bertan gurasoen nondik norakoak kontatzen ditu. Gainera, atzo azaldu zuenez, liburu bakarra atera izan balu, alboko historiak ez lirateke agertuko.

«Nor bere bidean» nobela epistolarra da. Trilogiaren lehenengo bi aleak hirugarren pertsonan idatzi zituen, narratzaile orojakileaz baliatuz. Azken honetan, ordea, anaiek idatzitako eskutitzak dira euskarria, ez dago istorioaren haria bideratzen duen narratzailerik.

Idatzitako hiru lanei buruzko hausnarketa eginez, trilogia zuhaitz baten modukoa dela azaldu zuen: lehenengoa sustraiak direla, paraleloki idatzitako istorio mordoaz osatuta dagoena; bigarrena enborra litzateke, egitura sendoagoa duena, eta ez dituena hainbeste istorio biltzen, oinarrizko kontakizuna bertan indartuz doala. Eta hirugarrena, zuhaitz horren adar eta hostoak, amaiera.

Bi protagonistei buruz Joan Mari Irigoienek azaldu zuenez, bere izaeraren bi zatiak banatzen ditu Damaso eta Gabinoren artean. Batetik, Gabino bezala abertzale eta fededun dela esanez deskribatzen du bere burua, baina Damasok bere buruari egiten dizkion galderak, idazleak berak ere egiten dizkio bereari. Beraz, bien arteko nahasketa eginez, Joan Mari Irigoien da lortzen den emaitza.

ESKAINTZAK

Proiektuaren amaierako esker eta eskaintzen artean Arnaldo Otegiri eta Albocasser-ko kartzelan dagoen Arkaitz Rodrigezi eskaini zien azken laneko ale bana, atzo bertan bidaliko zizkiela aginduz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo