AIPAGARRIAK
Bizkaiko Bertsolari Txapelketak plazan «alkartuko» ditu zale eta bertsolariak
GARA | MUNGIA
«Bertsolariak beti izan dau plaza eta plazak beti emon dau zalea, eta zaletik etorri da bertsolaria, eta zirkulua bueltaka hasten da bat-batean, baina inoz ez ezerezetik. Jente askoren beharra dago bat-batekotasunaren atzean», azaldu zuen atzo Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. «Plazan alkartuko gara» lelopean abiatuko da igande honetan Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, Mungiako Olalde aretoan.
Aurreko edizioetako egitura berdinari eutsi dio txapelketak. Udaberrian izan ziren eskualdekako zortzi txapelketak, eta bost kanporaketa eta hiru finalaurreko jokatuko dituzte orain, eta abenduaren 18an, Barakaldoko BECen, finala.
43 bertsolari arituko dira kantuan, eta horietatik bost, 2008ko azken finalean aritutakoak, finalaurrekoetan sartuko dira lehiara: Onintza Enbeita, Etxahun Lekue, Iratxe Ibarra, Arkaitz Estiballes eta Fredi Paia.
Mungiatik Barakaldora
Lehenengo saioa igande honetan izango da Mungian, eta gainerako kanporaketak Balmasedan, Aulestin, Igorren eta Getxon jokatuko dituzte datozen igandeetan. Finalaurrekoak Durangon, Zornotzan eta Gernikan izango dira, eta final handia, Barakaldoko BEC erakustazokan. Saio guztiak 17.30ean hasiko dira.
www. bizkaikotxapelketa.biz ataria izango da txapelketaren «plaza». Bertan informazio eguneratua eskegiko du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Sare propio bat ere sortu dute bertsozaleek euren bideo edo argazkiak plazaratzeko. Saioetako sarrerak ere aurrez Internet bidez erosteko aukera izango da helbide horretan edo www.bertsosarrerak.eu-n.