GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Joseba Aurkerena Urruña

Heldutasun falta

Badirudi aurrera goazela, edo horixe da euskaldun askok sinetsi nahi duguna. Hauxe izan da aspaldian amestu duguna: denok batu gutxieneko batzuen inguruan eta hortik aurrera egin.

Alderdi aunitzetako eta alderdirik gabeko gizon-emakume askori esker egoera hori erdiesten ari gara.

Historiak jarriko ditu horien izenak merezi duten urrezko txokoan.

Baina horretan ari garen bitartean, badira oraindik zenbait lagun heldutasun eta errespetu falta handia erakusten dutenak.

Ez dira sigla jakin batekin lotzen, euskal gizartearen arlo guztietan baitaude oraindik horrelakoak. Zorionez gero eta gutxiago dira.

Aipa ditzadan egun hauetan ikusi ditudan horietako batzuk:

Bilboko manifestazioan batzuk jo eta fuego aritu ziren EAJren aurka, jeltzaleak bertan, beste guztiekin batera, zeudela jakinik. Hori ez da euskaldunok behar dugun gehiengo horren alde laguntzen duen jarrera, edota laguntzen badu, badakigu nori, zentimetro bat bera ere mugitu eta arriskatu nahi ez duten PSOEko eta PPko horiei.

Kilometroak festa ederra izan da Lezon. Dena den, niri negargura eman zidaten erdaraz jo eta ke aritzen ziren 20 urte inguruko gazte ugari haiek. Gaztelania ez da gure etsaia, gure jakituria aberasten duen elementua baizik, baina hortik, euskaldunekin erdaraz egitera, alde ederra dago. Denok dakigu Iparraldean eta Nafarroako eremu zabal batean arazo handia daukagula gure gazteak euskaldun izan daitezen, baina, tamalez, erdaraz ari ziren gazte haien matrikulak Gipuzkoakoak ziren, eta Gipuzkoan gaur ez dute aitzakiarik euskaraz ez jakiteko, Franco aspaldian hil baitzen. Ikastolen alde, euskararen alde eta gero erdaraz barra-barra. Ezin al dute indar ttipi bat egin euskaraz aritzeko?

Manifestazioaren ondoren Urkulluk emandako hitzak. Otoi, ez zaitez lehen aipatu ditudan horien meza-mutila izan!

Gipuzkoako herri taberna batean ikusitako pankarta: «Bidea borroka da». Ados, eguneroko borroka, bizitzaren, bakearen eta burujabetzaren aldeko borroka. Gure gazteak kulturan eta errespetuan hezi behar ditugu, ez kalimotxoaren azpikulturan. Euskaldunok sendagileak, abokatuak, ingeniariak, arkitektoak, historialariak, musikariak, arrantzaleak, dantzariak, kirolariak,... behar ditugu, giza baloreetan eta kulturan hazitako belaunaldi berria behar dugu. Baina zorigaitzez eta oker ez banago, hura ez zen pankarta hartan aipatzen zen borroka.

Aipaturiko horiek eta denok ikusten ditugun beste horrelako akats askok ez digute bidea errazten, korapilatzen eta gibelatzen baizik.

Heldutasun falta erakusten dute.

Norbait nire gutun honekin iraindua sentitu bada, barka diezadala, ez baitzen hori nire asmoa, jorratzen ari garen bide itxaropentsu honetan betiko akatsak egiteko beldurra baizik.

Ezin dugu berriro huts egin eta herri hau frustrazio infinitura kondenatu.

Denon artean erdietsi behar dugun belaunaldi gazte, euskaldun, humanista, kultu, jakintsu eta solidario horrek gidatu beharko du Euskal Herria askatasunezko portura.

Hala bedi!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo