Alfonso Cantera Herran Kale hezitzailea
Elkartasuna ez da ziega batean kabitzen
Jakin beharko lukete indarra ez dela nahikoa elkartasuna suntsitzeko Are gehiago esango nuke, horrelako ekimen bidegabeek min handia eragiten dute, baina elkartasun sarea sendotu egiten dute
Askotan entzun izan dugu eskola haur eta gaztetxoentzako jendarteratze prozesuan eragile erabakigarria dela eta hori ez dut nik zalantzan jarriko. Hala ere, eskolez pentsatzen jarrita, beti egiten dugu atzera ikasketa formalak eskaini dizkiguten eskoletako garaietara (gogokoen genuen irakaslea, ikasgai jasangaitza, gelakideekin batera egindako bihurrikeriak...). Askotan ahaztu egiten zaigu bestelako «eskola» batzuetatik ere ikaskuntzak jaso izan ditugula. Kalearen eskolatik bizirauteko baliabideak eskuratu ahal ditugu, ogibide asko ere eskola baliagarriak izan daitezke. Baina badira gure Euskal Herrian harro egoteko moduko bestelako eskola batzuk, «elkartasunaren eskolak», hain zuzen ere. Elkartasun brigada batean parte hartu duen orok jakingo du zeri buruz ari naizen.
Zaila da zenbait kontu irakastea... Nola irakatsi amodioa zer den amodioa sentitu barik? Nire iritziz antzeko zerbait gertatzen da elkartasunarekin. Ez gaude ohituta egungo jendartean elkartasun keinuak sumatzen, ez horixe! Gainera errotzen ari den sistema honen biziraupenerako kaltegarria da elkartasuna. Horregatik askotan benetako elkartasun keinuak, eraldaketa bilatzen duten elkartasun keinuak, kriminalizazio gordinaren helburu bilakatzen dira: presoekiko maitasun erakustaldiak edota justizia sozialarekiko lan politikoa, besteak beste.
Askapenaren kontrako polizia operazioa bizi izan dugu azkenaldion. Udalerrietara armaz hornituta hurbildu zaizkigu espainiar poliziak, eta herrien arteko elkartasuna jorratzen duten zazpi lagun indarrez eraman dituzte ETAko kide izatea egotzita. Atxiloketa horien guztien atzean, prozesu politiko baten kontrako sabotajea dago, behin eta berriz errepikatu den moduan, baina badago bestelako helbururik. Atxiloketa bidegabe hauen bitartez herrien arteko elkartasuna kriminalizatu nahi izan da. Mingarria da oso inperialismoarentzat munduan zehar, urteetan zehar taxutu izan den elkartasun sarea. Internazionalismoa borroka indartsu bilakatu da gure herrian eta hori deserosoa suerta dakioke sistemari; izan ere, internazionalismoaren bitartez gainerako herrialdeetan gertatzen diren bidegabekeriak geurera ekartzeaz gain, bertako errealitate soziopolitikoaren berri zabaltzen baita lau haizetara.
«Elkartasun eskola» aipatu dut hasieran. Horrelaxe definituko nuke nik Askapenari esker izan nuen bizipena. Duela zenbait urte elkartasun brigada batean hartu nuen parte. Argentinara eta Uruguaira hurbildu nintzen hilabete batez euskal brigadista batzuekin batera eta hantxe ezagutu nuen letra larriz idatzitako «Elkartasuna» hitzaren esanahia. Izugarria izan zen Argentinako herritarrek pobrezia eta politika ekonomiko krudelei aurre egiteko erakutsitako antolakuntza eta erresistentzia gaitasuna... Ezin ahaztu, herritar xumeen begirada sakonak Euskal Herriaren gaineko azalpenak eskaintzen genituenean, ezta El Filtron (Uruguain) urtero antolatzen den manifestazioan parte hartzean, herrialde horretako herritarrekiko sentitutako gertutasuna ere, Maiatzeko Plazako Amekin izandako bilkura, langileriaren antolakuntzaz berpiztutako lantoki herritarrak, txirotasunari aurre egiteko antolaturiko elkartasun sareak... Eta nola ez, brigadiston artean sorturiko harreman bereziak... Benetan ahaztezina! Hori guztia da kriminalizatu nahi dutena. Baina jakin beharko lukete indarra ez dela nahikoa elkartasuna suntsitzeko. Are gehiago esango nuke, horrelako ekimen bidegabeek min handia eragiten dute, baina elkartasun sarea sendotu egiten dute... Internazionalismoa ezinbestekoa zaigu eraiki nahi dugun Euskal Herri berrian. Gaur, ostirala, «Internazionalismoa ez da delitua. Askapena aurrera» izenburupean Iruñean izango den manifestazioan parte har dezagun, Argentinako piketeroen grina gogoan izanik, elkartasunaren aldeko oihuak espainiar kartzeletaraino irits daitezen.