GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Jazarpenaren gainetik», tinko jarraitzeko dei egin dute gazte independentistek

Gizarte eragileetako ordezkarien babesarekin, gazte independentistek gazteen kontrako «jazarpenak» etenik ez duela-eta, «harresi indartsu bat» eraikitzeko beharra defendatu zuten prentsaurrekoan.
p014_f0281677.jpg

GARA | BILBO

«Hemen bildu garenok, askatasuna maite dugu. Maitasun sentimendua, gure arbasoekiko maitasuna, historiarekiko, hizkuntzarekiko, eta finean, Euskal Herriarekiko maitasun sentimendua da borrokara bultzatzen gaituena». Dozenaka gazte independentistak «etorkizuna irabaztera» joko dutela ziurtatu zuten atzo La Esperanza frontoian egindako agerraldian. Euskal gazteen aurkako «jazarpenak» ez duela etenik salatu zuten, eta hainbat gizarte eragiletako ordezkarien babesa izan zuten.

Duela hiru urte, leku hartan bertan hainbat lagun «gazte eta errebelde» izatearren atxilotu zituztela-eta, «mozkorraldi errepresibo hark» ez duela etenik izan azaldu zuten. Gisa berean, joan den azaroko polizia operazioa ere gogorarazi zuten. «Baina ez dute ulertzen ezin izan dutela eta ez dutela lortuko euskal gazteria kikiltzea eta makurraraztea», berretsi zuten. Estatuek gazteria «jo puntuan» kokatu dutela azaldu zuten, gazteak, beren borrokaz, «etorkizuna irabazten» ari direlako. Erasoen aurrean «herri harresi indartsu» bat eraikitzea ezinbestekotzat jo zuten; «'nahikoa da!' esateko garaia da», adierazi zuten.

Azkenik, mezu berezia luzatu zioten independentistek euskal gazteriari: «Borrokak ekarri gaitu hona, eta antolakuntza eta borroka dira gure ametsak egia bihurtzeko tresnak».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo