Urriaren 12an «euskal egutegi propioa» aldarrikatuko dute Ikasle Abertzaleek
GARA |
Datorren hilaren 12an ikasleek ospatzeko «ezer ez» dutela-eta, egun horretarako «intsumisioa» eta «desobedientzia» oinarri izango dituzten Herri Eskolak aurkeztu zituen atzo Ikasle Abertzaleak erakundeak (IA). Ekimena aurkezteko Gernikako Institutuan bildu ziren dozenaka lagun. Zehazki, institutu hori aukeratu zuten bertan «euskal egutegi propio baten aldeko borroka urte luzez garatu delako».
Euskal egutegiaren inguruan, Ikasle Abertzaleek gogorarazi zuten badirela hamar urtetik gora «jaiegun inposatuetan» intsumisio jarrerak bultzatu eta «ikastetxeak irekitzen» hasi zirenetik. «Espainiar eta frantziar estatuek inposatutako jaiegunetan, milaka izan gara klasera urterik urte joan garen ikasleak. Administrazio ezberdinen mehatxuei aurre egin eta bai ofizialki zein Herri Eskolen bidez ikasle andana bildu gara urtero ikastetxeetako korridoreetan», adierazi zuten.
Bi estatuek Euskal Herriari ukatu egiten diote «bere egutegi propioa eraikitzeko duen eskubidea»; hortaz IAk, Hezkuntza Sistema Nazionalaren eraikuntza aldarrikatzeko asmoz, urriaren 12an klasera joateko dei egin zien ikasleei. Izan ere, 9 ikastetxe irekiko dira Araban, 18 Bizkaian, 17 Gipuzkoan eta 7 Nafarroan. Ikasleek, ikasleentzat eta auzolanean, hainbat tailer, hitzaldi, jolas edota mahai-inguru antolatu dituzte. Herri Eskolen gai nagusia «Amerikako herrien askapen prozesuen historia» izango da.
Independentistak sarearekin bat eginez, agerraldia elasti- ko berdeak soinean zituztela egin zuten ikasleek. Hala, IAk bat egin zuen urriaren 12an, 17.00etan Iruñeko Golem zinemetatik aterako den independentziaren aldeko martxarekin.